Mundua -
indarkeria
14.500 hilketatik gora izan dira Mexikon sei hilabetean, inoizko tasarik handiena
Mexikoko presidentearen ustez, indarkeria murrizteko ustelkeriari eta desberdintasunei aurre egin behar diete, baina abiatutako neurrien ondorioak epe luzean ikusiko omen dira.
Agentziak | Erredakzioa
Aurtengo lehen seihilekoan, gora egin du hilketen kopuruak, eta inoizko mailarik altuena harrapatu du, 14.603 pertsona hil baitituzte. Mexikoko Gobernuak jakinarazi duenez, iazko epe berean 13.985 hilketa izan ziren (aurten 618 gehiago izan dira).
Joera horri eustekotan, aise gainditu daitezke iaz urte osoan izandako 29.111 hilketak.
Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak indarkeria murrizteko plana abiatu zuen kargua hartu eta gutxira (iazko abendutik dago agintean). Obradorrek aurreko gobernuen politika ekonomikoak egin ditu kriminalitate tasa altu horren erantzule. Hala, ustelkeriaren eta desberdintasunaren kontrako neurriak hartu ditu, hilketen kopurua jaitsiko dutelakoan. Dena den, neurrion ondorioak epe luzera ikusiko direla uste dute.
Francisco Rivas Herritarren Behatoki Nazionaleko zuzendariak nabarmendu duenez, "politika sozialak oso garrantzitsuak dira. Ondorio positiboak dituzte, baina ondorio horiek epe luzera ikusiko ditugu".
Aurreko gobernuak ere saiatu dira hilketa tasa jaisten. Dena dela, kartelen eta narkotrafikoaren kontra hartutako neurriek taldeak zatitu eta horien arteko liskarrak areagotu dituzte.