Mundua -

Kolonbia

Kolonbiako bake prozesuaren egoerarekin kezkatuta agertu da euskal ordezkaritza bat

Hala, "herrialde osoan benetako bakea eta bizikidetza" lortu ahal izateko, haien ahaleginean sakontzeko eskatu die euskal ordezkaritzak tokiko erakunde eta gizarte eragileei.

Euskal ordezkaritza, Kolonbian. Argazkia: EiTB
Euskal ordezkaritza, Kolonbian. Argazkia: EiTB
Kolonbiako giza eskubideen segimendua egitera joandako euskal ordezkaritza, kezkatuta

1:21

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolonbian, giza eskubideak babesten dituzten herritarrek bizi duten egoerarekin kezkatuta agertu da larunbat honetan Eusko Jaurlaritza buru duen Kolonbiako Giza Eskubideak Behatzeko Euskal Ordezkaritza, uztailaren 14tik 19ra bitartean Hego Amerikako herrialdean izan ostean.

Zehazki, “indarkeriaren gorakada eta giza eskubideen babesleen aurkako erasoak, mehatxuak eta kriminalizazioa areagotu izana” salatu dute. Ildo horretatik, eraso gehienak bereziki buruzagi indigenak eta “bakearen eta lurraldearen defentsan modu aktiboan lanean ari direnak” jasan dituztela ziurtatu dute.

Hala, "herrialde osoan benetako bakea eta bizikidetza" lortu ahal izateko, haien ahaleginean sakontzeko eskatu die euskal ordezkaritzak tokiko erakunde eta gizarte eragileei. Izan ere, Nazio Batuen Erakundearen arabera, iaz giza eskubideen 110 defendatzaile inguru hil zituzten Kolonbian.

Ildo horretatik, euskal ordezkaritzak kezka agertu du "herritarren babesaren gainetik interes ekonomikoa lehenesten duen herrialdearen egoerarekin. Halaber, gizon armatuek lurraldearen kontrola jokoan jarri eta sistematikoki emakumeen, nekazarien eta komunitate indigenen giza-eskubideak urratzen dituztela salatu du.

Gainera, Suarez udalerriko La Tomako Kontseilu Komunitarioaren aurka zuzendutako mehatxuen lekuko izan dela ziurtatu du euskal ordezkaritzak.

Arrazoi horregatik, "egunero giza eskubideak modu baketsuan defendatzen dituzten herritarren lana eta beren lurraldeak eta bizimoduak babes-neurri gisa uztera behartuta ikusten diren pertsonen lana" goraipatu du.

Euskal ordezkaritzaren esanetan, "herri indigenak aitortu eta haien lurraldeak legeztatzea oraindik egiteke dauden erronkak dira, baita landa eremuetan presentzia instituzionala izatea ere, ez bakarrik segurtasunaren bidez, baita garapen sozial, ekonomiko eta kulturalaren bidez ere”.

Euskadiren ordezkaritzak, gainera, "bere baldintzarik gabeko bakearen aldeko apustua" egiten du, eta Bakerako Justizia Bereziak, Egiaren Batzordeak eta Bake Akordioak egindako lanari babesa adierazi dio.

Gauzak horrela, erakunde eta gizarte elkarteei dei egiten die "Kolonbian benetako bakea eta bizikidetza posible izateko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eusko Jaurlaritza Eguneko albisteak Albisteak Kolonbia