Mundua -

Hong Kong

Milaka pertsona kalera atera dira berriz ere Hong Kongen, estradizio legearen aurka

Protestak abiatu zituztenetik 71 pertsona atxilotu dituzte, horietako 15 Hong Kongeko Parlamentuan sartu zirenean.

Milaka pertsona atera dira kalera Hong Konen, estradizio legearen aurka. Argazkia: EFE
Milaka pertsona bildu dira Hong Konen estradizioa legeztatuko duen proiektuaren aurka.
Milaka pertsona atera dira kalera Hong Konen, estradizio legearen aurka. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagunek manifestazioa egin dute igande honetan Hong Kongen, estradizioa legeztatuko duen lege proiektua behin betiko erretiratzea eta Carrie Lam Hong Kongeko gobernuburuaren dimisioa eskatzeko, hain zuzen ere. Astelehenean, ehunka manifestari indarrez sartu ziren Hong Kongeko Parlamentuan, Txinarekiko autonomia mantentzea aldarrikatzeko.

Zehazki, Kowloon penintsulako barrutia zeharkatu dute manifestariek. Bertan turista ugari biltzen dira, gehienak Txinatik etorriak.

Lehen aldia da lege proiektuaren protesta inguru horretan egiten dutela, eta ez Hong Kong uhartean, bertan baitago finantza barruti nagusia.

Manifestari gehienak beltzez jantzita joan dira, eta aldarrikapen hauek jasotzen dituzten kartelak eraman dituzte: "Elkarrekin, zutik", "Ez Txinara estraditatzeari", edo "Carrie Lam, dimisioa eman".

Pekin eta inguruko beste hiri batzuk lotzen dituen Abiadura Handiko Trenaren (AHT) geltokiaren ondoan amaituko da manifestazioa. Sare sozialen bidez, “geltokia hartzera” deitu dituzte manifestariak, izan ere, Txinak hirian duen ikur nagusietako bat da hori.

Dena dela, 1.500 polizia inguru zabaldu dituzte inguruan, arratsaldean izan daitezkeen istiluei aurre egiteko.

Astelehen gauean Hong Kongeko Parlamentuan sartu ostean, manifestariak “hausnarketa aldi batean” zeuden, protesta berri hau deitzea erabaki zuten arte.

Gaurkoa, azken asteetan egindako protesta jendetsuenetariko bat da. Izan ere, susmagarriak beste herrialdeetako jurisdikzioen menpe uztea erraztuko luke estradizio lege proiektu horrek.

Manifestazioak abiatu zituztenetik 71 pertsona atxilotu dituzte, horietako 15 Hong Kongeko Parlamentuan sartu zirenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Txina gaur Eguneko albisteak Albisteak