Mundua -

Venezuela

‘Eskubideen urraketa larriarekin’ amaitzeko neurriak hartzea eskatu dio NBEk Madurori

Azken urteotan lau milioi venezuelar herrialdetik joan dira, eta, txostenak ohartarazi duenez, "egoerak hobera egiten ez badu, emigrante eta errefuxiatuen exodoak aurrera jarraituko du".

Madrilen bizi diren venezuelar batzuk, protesta batean. Argazkia: EFE
Madrilen bizi diren venezuelar batzuk, protesta batean. Argazkia: EFE
Madrilen bizi diren venezuelar batzuk, protesta batean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Venezuelan "eskubideen urraketa larriarekin" amaitzeko neurriak hartzeko eskatu dio Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Giza Eskubideen Bulegoak Nicolas Maduro Venezuelako presidenteari. Michele Bachelet NBEko goi-ordezkariak Caracasera egin berri duen bisitaren ostean aurkeztu dute txostena.

Azken urteotan lau milioi venezuelar herrialdetik joan dira, eta, txostenak ohartarazi duenez, "egoerak hobera egiten ez badu, emigrante eta errefuxiatuen exodoak aurrera jarraituko du".

Giza Eskubideen Bulegoak egindako dokumentu horren arabera, 2016tik, bereziki, "oposizio politikoa neutralizatzera, zapaltzera eta kriminalizatzera bideratutako estrategia" garatu du Maduroren gobernuak. Hala, "bere gobernua kritikatzen dutenen kontra" neurri zehatzak hartu ditu Venezuelako presidenteak.

Txostena egiteko, 2018ko urtarriletik 2019ko maiatzera bitartean Venezuelan eta inguruko zortzi herrialdetan egin dituzten 558 elkarrizketetan oinarritu da NBEko Giza Eskubideen Bulegoa. Zehazki, giza eskubideen urraketen eta egoera ekonomiko kaskarraren lekuko diren herritarrak elkarrizketatu dituzte.

Hala, azken hamarkadan Venezuelako erakundeen "pixkanakako militarizazioa" salatu du NBEk txostenean, eta indar zibil zein militarrei egotzi die Maduroren gobernuarekin jarrera kritikoa erakutsi dutenek eta horien senideek jasan dituzten "atxiloketa arbitrarioen, tratu txarren eta torturen erantzukizuna".

Gainera, manifestarien aurka erabilitako "gehiegizko indarra" eta atxiloketak egin dituztenean edota atxilotuen senide zein lagunen bisitetan izandako "sexu indarkeria eta genero indarkeria kasuak" ere leporatu dizkio NBEk Maduroren gobernuari.

Halaber, gobernuz kanpoko talde armatu zibilak aipatu ditu NBEk txostenean, eta 2019ko urtarrila eta maiatza bitartean egindako protestetan gutxienez 66 hildako zenbatu ditu; horietatik, gutxienez 52, segurtasun indarrei edo erregimenaren aldeko taldeei egotzi dizkie.

Askoz gehiago dira segurtasun indarrek epaiketarik gabe egindako exekuzioak, bereziki Indar Bereziek (FAES) 2018an dokumentatutako 5.287 heriotzak, "autoritateari aurre egitea" egotzita, eta urtarriletik maiatzera bitartean Gobernuak jasotako beste 1.569 heriotza.

NBEk dioenez, 793 venezuelarrek ez dute askatasun eskubiderik, horien artean 58 emakume. Halaber, urtea hasi zenetik, Asanblea Nazionaleko 22 diputaturi (Juan Guaido, barne) immunitate parlamentarioa kendu diete.

Gehiegikeria horien aurrean, "salaketa gutxi" aurkezten direla azpimarratu du txostenak, pertsona horiek "errepresalien beldur direlako edo sistema judizialean konfiantza falta dutelako". Izan ere, "salaketak jartzen dituztenei traba ugari jartzen dizkiete, gehienak emakumeei".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE bideoak Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Nicolás Maduro Giza eskubideak albisteak