Mundua -

Libia

40 pertsona hil dira Libiako errefuxiatuen atxiloketa zentro baten bonbardaketan

Libiako agintariek eta Nazio Batuek Tripoliko atxiloketa zentro batzuk ebakuatu dituzte migratzaileak eta errefuxiatuak toki seguru batera eramateko.

Tripoliko bonbardaketa. ETBko bideo batetik ateratako irudia
Tripoliko bonbardaketa
Gutxienez 40 migratziale hil dira Tripolin, Hafter mariskalak agindutako eraso batean

0:51

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 40 pertsona hil eta 80 zauritu dituzte Tripoliko (Libia) migratzaileen atxiloketa zentro baten bonbardaketan.

Airetiko erasoen ondorioz, "oso urduri" dagoela adierazi du Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziak. "Zibilak ezin dira inoiz helburu bat izan", azaldu du.

Libiako agintariek eta Nazio Batuek Tripoliko atxiloketa zentro batzuk ebakuatu dituzte migratzaileak eta errefuxiatuak toki seguru batera eramateko.

Momentuz, ez dago argi nor dagoen erasoaren atzean, baina Jalifa Haftar mariskalaren indarrek Tripoliren aurkako bonbardaketa kanpaina bat hasiko zutela iragarri zuten astelehenean.

Nazio Batuen datuen arabera, orain arte 650 pertsona hil dira Haftarrek Libiako hiriburuaren aurka egindako erasoan.

Ghasan Salame Nazio Batuen ordezkari bereziak Libia "herrialdea banatu zezakeen guda zibil batean erortzeko zorian" zegoela ohartarazi zuen maiatzean.

Bestalde, "Estatu Islamiarra eta Al Qaeda hegoaldean Haftarren tropen atzera egiteak sortutako segurtasun hutsuneaz eta mendebaldeko indarrak hiriburuko defentsan finkatzeaz baliatzen ari dira", baieztatu zuen.

Nazio Batuek bonbardaketa ikertzea eskatu dute

Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziak erasoaren erantzuleak zehazteko ikerketa bat zabaltzea eskatu du.

Airetiko erasoak bete-betean jo du Tajurako migratzaileen zentroa. Ondorioz, 40 pertsona hil eta 40 zauritu dituzte.

Charlie Yaxley Nazio Batuen Giza Eskubide Agentziako bozeramaileak ezin duela erasoa nork jaurti duen baieztatu adierazi du, baina erasoaren tokian medikuak daudela iragarri du.

"Martxan jarri ditugu erreskate lanak, baliteke biktima gehiago egotea", adierazi du Yaxleyk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako albisteak Nazioartea NBE Eguneko albisteak Albisteak Errefuxiatuak Zer gertatzen ari da Libian? Terrorismoaren Biktimak Gaur