Mundua -

Italia

Carola Rackete Sea Watch erakundearen ontziko kapitaina aske utzi dute

31 urteko ekintzailea larunbat goizaldean atxilotu zuten. Baimenik gabe Lampedusan porturatu zen, ekainaren 12an Mediterraneoan erreskatatutako 40 pertsona lehorreratzeko asmoarekin.

Carola Rackete kapitaina. Artxiboko argazkia. EFE
Carola Rackete kapitaina.
Carola Rackete kapitaina. Artxiboko argazkia. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carola Rackete Sea Watch gobernuz kanpoko erakundearen ontziko kapitain alemaniarra aske utzi dute gaur, erakundeak berak jakitera eman duenez. Italian atxilotu zuten, baimenik gabe 40 etorkin Lampedusa uhartera eramatea leporatuta.

31 urteko ekintzailea larunbat goizaldean atxilotu zuten. Baimenik gabe Lampedusan porturatu zen, ekainaren 12an Mediterraneoan erreskatatutako 40 pertsona lehorreratzeko asmoarekin. 17 egun zeramatzaten itsasoan, porturatzeko zain.

Alessandra Vella Agrigentoko epaileak atxiloketa ez luzatzea erabaki du gaur, eta "gerraontzi baten aurkako indarkeria eta erresistentzia" delitua baztertu du. Are gehiago, bere eginbeharra bete zuela, hots, bizitzak salbatu zituela esan du epaileak, hango komunikabideek zabaldu dutenez. Poliziari jaramonik ez egitea eta ontzi militar bat jotzea egotzi zioten.

Ekainaren 12an, 53 migratzaile erreskatatu zituen Libiako kostaldean, eta horietako 13 handik egun gutxira porturatu zituzten, osasun arazoak zituztelako. Gainerakoak, berriz, ontzian geratu ziren, herrialde bakar batek ere ez zituelako hartu nahi.

Ekainaren 26an, Rackete kapitainak Lampedusako uretan sartzea erabaki zuen, Matteo Salvini Italiako Barne ministroak ezarritako debekua urratuta. Alabaina, Poliziak ontzia kostaldera iritsi baino lehen geldiarazi zuen.

Hiru egun geroago, ekainaren 29an, gauez, kapitainak ontzia Lampedusako portuan sartzea lortu zuen, baina porturatzean Poliziaren barku bat arin jo zuen.

Orduan atxilotu zuten. Ontzian giroa jasanezina zela eta lehorreratzea premiazkoa zela azaldu zuen galdeketan, eta Poliziaren ontziarekin nahi gabe egin zuela talka adierazi zuen.

Sea Watch 3 ontziko kapitaina libre utzi dutela jakindakoan, Salvinik gogor kritikatu du epailearen erabakia, eta ekintzaile alemaniarra Italiatik kanporatuko duela ohartarazi du.

"Italiako Justiziarentzat legeak urratzea eta Poliziaren ontzi bat kolpatzea ez da nahikoa espetxera joateko. Ez dago arazorik. Kapitain kriminala bere herrialdera kanporatzeko agindua prest daukat", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gobernuz Kanpoko Erakundeak Mediterraneo itsasoko kostaldea