Mundua -
Protestak
Ehunka manifestarik orduak eman dituzte Hong Kongeko Parlamentu barruan
Ganbera okupatu dute. Bandera koloniala eta Hong Kongeko zuri-beltza jarri dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Hong Kongeko Asanblada Legegilea okupatu duten manifestariak eraikinetik atera dira, Poliziak operazio handi bat martxan jarri ondoren. Ehunka polizia egoitzara bidean ziren, South China Morning Post egunkariak jakitera eman duenez.
Hong Kongeko ehunka poliziak hiru frontetik aurrera egin dute Asanblada Legegilera bidean. Gutxienez hiru kaletan manifestarien aurka egin dute poliziek. Aterkiekin (protesten ikur) apaindutako barrikadak eraiki dituzte manifestariek.
Oposizioko manifestariek arrautzak, obra-hondakinak eta aterkiak polizien aurka bota dituzte. Poliziak negar eragiteko gasarekin erantzun die.
Azkenean, poliziak Parlamentura heldu dira, oraindik manifestari gutxi batzuk barruan zirenean. Ted Hui Hong Kongeko Alderdi Demokrataren diputatuak poliziei lasaitasuna eskatu die, ekintzaileak dagoeneko ateratzen ari zirelako.
Bitartean, 3.000 bat polizia Harcourt kalean sartu dira, Parlamentutik oso hurbil, eta negar eragiteko gasetik ihes egin dute manifestariek gauean. Irudi ugari zabaldu dira sare sozialetan.
Ehunka manifestari Hong Kongeko (Txina) Parlamentuan sartu dira. Argazkia: EFE/ Ritchie B. Tongo
Setioan orduak eman ondoren, ehunka manifestari indarrez sartu dira Asanblada Legegilean, ezkutuekin, kasko horiekin eta guardasolekin.
Oposizioko manifestariek orduak eman dituzte Parlamentuko egoitza barruan. Hong Kong Erresuma Batuko kolonia zaharraren banderak eta Bauhinia bandera zuri-beltza (protesten ikur) jarri dituzte. Gainera, kalte materialak egin eta aretoko hormak margotu dituzte.
Bandera koloniala eta Bauhinia bandera zuri-beltza. Argazkia: EFE/ Ritchie B. Tongo
Carrie Lam Hong Kongeko gobernuburuaren dimisioa eskatu dute berriro. Txinara estraditatzeko legea atzera botatzea, gomazko piloten eta perdigoi poltsen erabilera ikertzea, ekainaren 12tik manifestarien aurka aurkeztutako salaketa guztiak kentzea eta atxilotu guztiak askatzea eskatu dute agiri bateratu batean.
Hong Kong Txinari itzuli zioteneko egunean, 550.000 bat pertsonak parte hartu dute manifestazio batean astelehen honetan, hiriko erdialdean. Mobilizazioak Victoria Park eta Chater kalea lotu ditu.
Ordu batzuk lehenago, astelehen goizean, Hong Kongeko poliziek borrak eta piperbeltz lainoztagailuak erabili dituzte manifestarien protestak desegiteko. Parlamentu ondoko kale bat blokeatzen ari ziren.