Mundua -
28-en goi-bilera
EBk porrot egin du berriro Europako erakundeetako karguak banatzeko saiakeran
Gau osoa eman dute negoziatzen, eta, halere, ez dute akordiorik lortu. Horrenbestez, goi-bilera biharko 11:00ak arte bertan behera uztea erabaki dute.
Agentziak | Erredakzioa
Europar Batasuneko gobernuburuek eta estatuburuek astearte honetan jarraituko dute erakundeetako goi-kargudunen banaketa negoziatzen, hiru familia politiko nagusien arteko akordio bat lortzeko zailtasunak ikusita. Aldebiko bilerek eta 28 herrialdeen arteko negoziazioek luze eman dute, 24 ordu baino gehiago.
Ezohiko goi-bilera "bertan behera" uzteko erabakia hartu du Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak. Igandean hasi zen Bruselan. Astearte honetan 11:00ak aldera berriz hasiko da, jakitera eman du Tusken taldeak.
Popularren, sozialisten eta liberalen arteko desadostasunak gainditzeko denbora gehiago eman nahi dute atzerapenarekin, egoera blokeaturik dagoelako, EBko iturriek azaldu dutenez.
Akordioa posible dela esan du Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, baina denbora bat hartzea beharrezkoa dela erantsi du. Erabakiak "presaka" hartzeak "datozen bost urteetan Kontseiluan tentsioak" sortzeko arriskua du, ohartarazi duenez.
Bestalde, goi-bilera "porrota" izan dela adierazi du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, gaua esna pasatu ondoren, baina buruzagiak jarrerak aldatzeko kapaz izatea espero du, asteartean "irtenbide berri" bat emateko.
Giuseppe Conte Italiako lehen ministroaren hitzetan, paketeak "10-11 herrialderen" oposizioa izan du, arrazoi ezberdinengatik Timmermansen izendapena ez dute onartzen, nahiz eta bozketarik ez egin.
Kazetari bat lo, Bruselan. Argazkia: EFE
Familia politikoen arteko borroka
Negoziazio formala igandean abiatu zen afari batekin, aldebiko bilerak egin ondotik. Frantziak, Alemaniak, Espainiak eta Herbehereek diseinatutako proposamena abiapuntua izan da. Frans Timmermans hautagai sozialdemokratak Europako Batzordea zuzentzea proposatu dute.
Nahiz eta Alemaniako kantzilerraren babesa izan, proposamenak Europako Alderdi Popularraren familiako gainerako buruzagien haserrea eragin du, EBko Exekutiboari uko egitea suposatzen duelako. Era berean, Manfred Weber Euroganberako presidentetzara bidaliko luke horrek.
Bestalde, Charles Michel Belgikako lehen ministroa EBko Kanpo Politikarako goi ordezkari eta Margrethe Vestager danimarkarra Exekutiboko presidenteorde izendatzearekin liberalak konforme geratuko lirateke.
Negoziazioen bigarren jardunaldian, diseinua berriz aztertu zuten, Kristalina Georgieva Alderdi Popularreko bulgariarra Europako Kontseiluaren buru jartzeko, popularren oreka geografiko eta genero parekidetasun irizpideak betetzeko saiakeran. Hala ere, Georgievaren izena dagoeneko baztertu dute.