Mundua -
Osaka
G20 taldea are zatituago geratu da klima aldaketaren eta protekzionismoaren aurrean
Lorpen handiena AEBen eta Txinaren arteko su-eten komertziala izan da, G20aren izaera bera ere zalantzan jarri baitute.
agentziak | erredakzioa
G20 taldean agerian geratu da gero eta zatiketa handiagoa dagoela klima aldaketari eta protekzionismoari aurre egiteko garaian, Osakan (Japon) egindako goi bilerako lorpen handiena AEBen eta Txinaren arteko su-eten komertziala izan baita.
Asian egindako bi eguneko bileraren ostean, G20ko buruzagiek adierazpena sinatu dute, baina bertan mundu mailako ekonomiaren "arriskuaz" ohartarazi besterik ez dute egin, zeren AEB, Parisko Akordiotik aterata, kanpoan geratu baita ingurugiro arazoei aurre egiteko.
Shinzo Abe Japoniako lehen ministro eta G20ren behin behineko presidenteak batasun irudia eman nahi izan du bileraren amaieran, herrialde guztietako agintariek "merkataritza librearen oinarriak" defendatzen dituztela esanda, baina etsipena ere agertu du.
Adostutako adierazpenean "tentsio geopolitikoen eta komertzialen gorakada" aipatzen da, baina ez da protekzionismoaz ezer adierazten, gehiengoak kontrakoa nahi bazuen ere, AEBk irekitako gatazka komertzialen harira.
“Inbertsio librea, justua, diskriminaziorik gabea, gardena, aurreikusgarria eta egonkorra ahalbidetuko duen giroa lortzeko lan egingo dugu, baita gure merkatuak irekita edukitzeko ere”, gaineratu dute adierazpenean.
AEB eta Txina
Urrats azpimarragarriena, merkataritza alorrean mundu mailan dagoen zalapartaren erdian, Donald Trump AEBko eta Xi Jinping Txinako presidenteen batzarretik iritsi da, negoziatzen jarraitzea eta murrizketa neurrietako batzuk gelditzea adostu baitzuten.
Klima aldaketa
Klima aldaketari dagokionez, Parisko Akordioak "atzeraezinak" direla azpimarratu dute herrialdeek, eta estatu mailan klima aldaketaren aurkako neurriak "erabat" ezartzeko konpromisoa berretsi dute, AEBk izan ezik.
Adostutako adierazpenean aipatzen da AEBk "Parisko Akordioetatik ateratzea berresten" duela, "langile eta zergadun estatubatuarrentzat desabantaila" delako.
Horren inguruan galdetuta, Trumpek esan du ez dagoela bere herrialdearen indarra "galtzeko prest", eta alor horretan "inoizko datu onenak" lortu dituela.
Bestalde, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak "G20ren formatoa aldatzea" eskatu du ingurugiroari buruzko akordio eraginkorragoak lortzeko, eta gaur adostutako bezalako adierazpenek "zertarako balio duten" galdetu du.
2050erako ozeanoetan plastiko kutsadurarik ez egoteko helburua jaso dute adierazpenean, nahiz eta ondoren "plastikoak gizartean jokatzen duen paper garrantzitsua" aitortu duten.
Greenpeacek dagoeneko kritikatu ditu neurriok, eskasak direlakoan klima aldaketa gelditzeko, eta protesta egin du Osakan.