Mundua -

Osaka

Japoniak 'protekzionismoaren tentazioari' uko egiteko eskatu du G20ren goi-bileran

Xi Jinping Txinako eta Donald Trump AEBko presidenteek larunbat honetan izango duten bileran dago jarrita arreta, duten merkataritza gatazkaren eraginez.

G20ren goi-bileran buruzagiek ateratako familia argazkia. Argazkia: Efe
G20ren goi-bileran buruzagiek ateratako familia argazkia. Argazkia: Efe
G20ren goi-bileran buruzagiek ateratako familia argazkia. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

G20ren goi-bilera hasi da gaur Osakan (Japonia), eta anfitrioiak, Japoniak, merkataritza librea indartsu defendatzeko deia egin du, "protekzionismoaren tentazioaren" aurrean, bakearen eta mundu mailako garapena arriskuan jartzen duela iritzita.

"Mezu indartsua zabaldu behar dugu sistema libre eta justuari eusteko, diskriminaziorik egon ez dadin", adierazi du Shinzo Abe Japoniako lehen ministroak goi-bileraren hasieran.

Aberen hitzaldia izan da kazetariek jarraitu ahal izan duten bakarra goi-bileraren lehenengo saioan.

Xi Jinping Txinako eta Donald Trump AEBko presidenteek larunbat honetan izango duten bileran dago jarrita arreta nagusia, duten merkataritza gatazkaren eraginez, baina aldebiko batzarrak ostegunean hasi ziren.

Abek laneko gosarian hitz egin du, mahai borobil batean, G20ko herrialdeetako buruzagien aurrean, hau da, garatutako eta garatze bidean dauden ekonomiketako buruzagien aurrean.

"Merkataritza eta geopolitika gaien inguruko tentsioak hazten ari dira"; adierazi du Abek bere hitzaldian, Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusiak Osakako batzarra "tentsio altuko" une batean egiten ari direla aitortu aurretik.

Abek gogorarazi du merkataritza librearen bandera defendatu duela beti, eta berretsi du "ekonomia libre eta irekia" direla "bakearen eta oparotasunaren oinarriak".

Lehen ministro japoniarrak azaldu du G20ren sorburuan XX. mende amaierako finantza krisia zegoela, gero 2008ko krisia etorri zela, eta orain merkataritza dela arazoa.

"Globalizazioaren ondorioz izan diren aldaketa handiek sortu duten antsietate eta ezinegonak protekzionismorako tentazioa bizitu dute, eta horrek estatuen arteko aurrez aurrekoak areagotu", ohartarazi du lehen ministro japoniarrak.

Lau saio

Gaur eta bihar lau saio egingo dituzte, eta G20ko buruzagiak merkataritza politikak adosten saiatuko dira, tartean Merkataritzaren Nazioarteko Erakundearen erreforma.

Berrikuntza, garatutako herrialdeetako herritarren zahartzea edo zergak ere izango dituzte aztergai.

Bilera formalez harago, arreta korridoreetan ere egongo da, Trumpek eta Xik bihar izango duten bileraren harira, horrek baldintzatu baitezake merkataritza gatazkaren norabidea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak bideoak Txina bideoak Japonia argazkiak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Trump gaur