Mundua -
Erresuma Batua
Johnson eta Hunt lehiatuko dira lehen ministro britainiarra izateko
Alderdi Kontserbadorearen lidergoa ere izango da jokoan. Johnson da faborito nagusia, eta 313 diputatu kontserbardoreen 160 boto eskuratu ditu; Huntek , aldiz, 77 boto jaso ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Boris Johnson Londreseko alkate ohia eta Jeremy Hunt Atzerriko Arazoetarako britainiar ministroa lehiatuko dira uztailean Erresuma Batuko lehen ministroa izateko eta Alderdi Kontserbadorearen lidergoa eskuratzeko; izan ere, biek gainditu dute, ostegun honetan, euren alderdiko hauteskunde primarioetako lehen fasea.
Johnson da faborito nagusia, inkesten arabera, eta alderdiak dituen 313 diputatuen 160ren babesa jaso du; Huntek, berriz, 77 boto eskuratu ditu. Michael Gove Ingurumen ministroa, azkenean, lehiatik at geratu da, 75 botorekin.
Alderdiko 160.000 militanteek aukeratu beharko dute
Orain, alderdiak dituen 160.000 militanteek aurkeratu beharko dute nor nahiago duten, Johnson ala Hunt; bozketaren emaitza uztailaren amaieran emango dute jakitera.
Afiliatu kontserbadoreek posta bidez emango dute botoa hurrengo lau asteotan, bi finalisten artean, alderdiko lider berria hautatzeko; horrez gain, Downing Streeteko 10.eko bulegoa ere lortuko du irabazleak, alegia, Theresa Mayk hutsik utziko duen bulegoa.
May oraindik da Gobernuko burua. 2017ko ekainean hauteskunde orokorrak irabazi zituen, baina 2019ko maiatzeko amaieran dimisioa emateko asmoa zuela adierazi zuen; izan ere, hiru aldiz egin du porrot Bruselarekin adostutako brexitaren akordioa Erresuma Batuko Parlamentuan onartzen saiatu denean.
Brexita berriro negoziatzea
Johnson eta Hunt akordio hori berriro negoziatzearen aldekoak dira, batez ere klausula jakin bat, alegia, Ipar Irlandan mugarik saihesteko klausula; Europar Batasunak, baina, orain arte, adierazi du ez duela ituna aldatuko.
Londreseko alkate ohiak aseguratu duenez, haustura urriaren 31n gauzatuko da, akordioarekin edo akordiorik gabe, berak lehen ministroa izatea lortuz gero; Huntek, aldiz, ez du baztertu epe hori luzatzeko eskatzea.