Mundua -

Suteak

Bi petrolio-ontziri ustez eraso egin diete Omango golkoan

Mohamed Javad Zarif Irango Atzerri ministroak gertatutakoa "susmagarritzat" jo du. Ameriketako Estatu Batuek, berriz, erasoen atzean Iran dagoela esan dute.

'Front Altair' Norvegiako petrolio-ontzia Omango golkoan. Argazkia: EFE/ Irib News
'Front Altair' Norvegiako petrolio-ontzia Omango golkoan.
Bi petrolio-ontziri egindako erasoak tentsioa areagotu du Pertsiar golkoan

0:36

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi petrolio-ontzi hustu behar izan dituzte ostegun honetan, Omango golkoan, ustezko erasoen ondorioz, iturri ezberdinek Reuters albiste-agentziari azaldu diotenez. Hasiera batean, IRNA Irango albiste-agentziak horietako bat hondoratu dela jakinarazi badu ere, ondoren ontziak sutan jarraitzen zuela azaldu dio Irango arduradun batek IRIB telebistari.

Erresuma Batuko Merkatal Itsas Operazioen taldeak (UKMTO), tartean Royal Navyk, abisua eman du. Omango golkoan, Irango kostaldetik gertu, "gertakari" bat jazo dela jakitera eman du. "Erresuma Batua eta haren bazkideak ikertzen ari dira" gertatutakoa, UKMTOk mezu labur batean azaldu duenez.

Erreskatatutako ontziak Front Altair eta Kokuka Courageous dira. Lehenengoak Marshall uharteetako bandera du, eta Norvegiako Frontline ontzi-enpresak kudeatzen du CPC Taiwango petrolio-konpainiarentzako. Bigarrenak Panamako bandera du, eta Japoniako enpresa batena da.

Aurreneko ontzia Qatarretik Taiwanera zihoan, eta sutea piztu da Jaskeko (Iran) portutik 25 miliara. Bigarren petrolio-ontzia Saudi Arabiako portu batetik Singapurrera bidean zen. Honek ere sute bat izan du Jasketik 28 bat miliara.

Tradewinds egunkariak azaldu duenez, torpedo batek Front Altair jo du Fujaira emirerriaren kostaldean. Torpedo bat izan daitekeenak jo duela baieztatu du Taiwango petrolio-konpainiak.

Frontlineko bozeramaile batek VG Norvegiako egunkariari jakitera eman dionez, Front Altair-ek 75.000 tona nafta zeramatzan, eta su hartu du. 23 marinelak beste ontzi batera eraman dituzte, bozeramaileak esan duenez.

Front Altair Norvegiako ontzia, sutan. Argazkia: EFE

Norvegiako 'Front Altair' petrolio-ontzia. Argazkia: EFE

Bestalde, Kokuka Courageous BSM Singapurreko enpresaren ontziak segurtasun arazo bat izan du. 21 tripulatzaileak ontzitik atera behar izan dituzte, BSMko bozeramaile batek jakinarazi duenez. Marinel bat zauritu da, baina ez dago larri, argitu duenez.

"Kokuka Courageous-ek zonaldean jarraitzen du, eta ez dago hondoratzeko arriskurik", adierazi du BSMko bozeramaileak. "Metanol kargamentua osorik dago", gaineratu du.

Yutaka Katada Japoniako Kokuka Sangyo ontzi-enpresako presidenteak prentsaurrekoan zehaztu duenez, hiru orduko denbora tarte batean bi aldiz jo dute ontzia, tripulazio osoa atera baino lehen. Lehen erasoa 06:00ak aldera gertatu da. Ontziak 25.000 tona metanol daramatza, NHK Japoniako telebistaren arabera.

IRNA Irango albiste-agentziak azaldu duenez, Irango larrialdi eta bilaketa taldeek bi petrolio-ontzietako 44 marinelak erreskatatu dituzte. Jaskeko portura eraman dituzte.

Ondoren, ontzirik ez dela hondoratu argitu du portuko arduradun batek. Panamako bandera duen ontzian sua itzali dute jadanik, eta 21 tripulatzaileak ontzira itzuliko dira segurtasuna egiaztatu ondotik. Bitartean, beste ontzian suak jarraitzen du.

Estatu Batuek Irani egotzi diote erasoa

Bestalde, Mike Pompeo Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkariak esan du bi petrolio-ontzi horien aurka gaur izan diren ustezko erasoen atzean Iran dagoela.

"Estatu Batuetako Gobernuarentzat Iran da Omango golkoan izan diren erasoen erantzulea", adierazi du komunikabideen aurrean egindako agerraldian.

Ildo horretan, Washingtonek Irango petrolioari ezarritako enbargatzea gogortu ostean, Teheranek Ormuzeko itsasartea blokeatuko zuela ohartarazi zuela ekarri du gogora. "Gaurko erasoekin promesa hura bete egin du", erantsi du.

"Aurrez probokaziorik izan gabe, eraso egin dute eta honek bakea eta segurtasuna mehatxupean jarri ditu; nabigatzeko askatasuna urratu dute, tentsioa areagotuz, eta hori onartezina da", esan du.

Halaber, Pompeok iraingarritzat jo du erasoa jasan duen ontzietako bat Japoniako izatea, herrialde hori Estatu Batuen eta Iranen arteko bitartekari izateko prest agertu dela kontutan hartuta. Iranek aukera hori baztertu egin zuen.

Ormuzko itsasartea, munduko merkantzia ibilbide garrantzitsuenetako bat

Iragan maiatzean, Omango golkoan, lau merkantzia-ontzi "sabotajeen" biktimak izan zirela salatu zuten Arabiar Emirerri Batuek. Ondoren, torpedoekin egindako erasoak izan zitezkeela erantsi zuen. Saudi Arabiak Irani leporatu zizkion. Teheranek, aldiz, ukatu egin zuen.

AEBek Iranekin akordio nuklearra duela urtebete hautsi zuen. Eskualdean tentsioa da nagusi. Ormuzko itsasartearen nabigazio segurtasuna jokoan dago. Munduko merkantzia itsasbide garrantzitsuenetako bat da; izan ere, Persiar golkoa eta Indiako ozeanoa lotzen ditu.

Mohamed Javad Zarif Irango Atzerri ministroak gertatutakoa "susmagarritzat" jo du. "Shinzo Abe lehen ministroa Ali Jamenei aiatolarekin bilduta zegoen, elkarrizketa adeitsu eta zabala izateko, petrolio-ontzien aurkako ustezko erasoak gertatu direnean", idatzi du Twitter sare sozialean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Erresuma Batua Japonia Eguneko albisteak Albisteak Iran Norvegia