Mundua -

Brasil

Brasilgo egunkari baten ikerketak ezbaian jarri du Lula da Silvaren kontrako epaiketa

'The Intercept Brasil' egunkariak Sergio Moro epaile ohi eta egungo Justizia ministroaren eta Lava Jato auzia zeramaten fiskalen arteko elkarrizketak aireratu ditu.

Da Silva, Curitibako kartzelan sartu zen egunean. EFEren artxiboko argazki batean.
Da Silva, Curitibako kartzelan sartu zen egunean.
Da Silva, Curitibako kartzelan sartu zen egunean. EFEren artxiboko argazki batean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

The Intercept Brasil egunkariak Brasilen ustelkeriaren aurka inoiz egindako operazio handienean (Lava Jato operazioa) parte hartu zuten fiskal eta epaileen arteko elkarrizketak kaleratu ditu, ezbaian jarriz Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidente ohiaren kontrako ikerketa eta epaiketa. Horren ondorioz, 12 urte eta hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten Langileen Alderdiaren buruzagiari.

Deltan Dallagnol fiskalaren eta Sergio Moro epaile izandako eta egungo Justizia ministroaren arteko elkarrizketak dira aireratu dituztenak. Moro izan zen, hain justu, Da Silvari bederatzi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri ziona, ustelkeria pasiboa eta dirua zuritzea leporatuta. Ondoren, baina, zigor hori handitu zuen bigarren epaitegi batek. Ebazpenotan frogatutzat jo zuten OAS enpresa eraikitzaileak Guarujako hondartzan dagoen luxuko apartamentu bat eman ziola Da Silvari, Petrobras petrolio-konpainiarekin kontratuak lortzearen truke.

Brasilgo egunkariak argitaratutako elkarrizketetan entzun daitekeenez, Morok Lava Jato operazioaren faseak ordenaz aldatzea iradoki zion fiskalari, baita hainbat aholku eta pista eman ere. Halakoak legez debekatuta daude.

Beste pasarte batean Lava Jato ikertzen ari ziren fiskalak entzun daitezke, eta Lula da Silvari Folha de Sao Paulo egunkarian egin behar zioten elkarrizketa bat geldiarazteko moduaz ari dira. Fiskalen ustez, elkarrizketak mesede egin ahal zion Langileen Alderdiko hautagaiari.

Lava Jato operazioa duela bost urte egin zuten Brasilen, eta Lula da Silva jo zuten Petrobras estatuko petrolio konpainiaren inguruko "ustelkeria-sarearen onuradun nagusi" gisa.

Erreakzioak

Fernando Haddad Langileen Alderdiaren presidentegaiak (hauteskundeak galdu zituen, Bolsonaroren aurka) Twitterren nabarmen duenez, Brasilgo "historian izandako eskandalu instituzional handienaren aurrean egon gaitezke".

"Asko preso sartuko lituzkete, eta auzi asko bertan behera geratuko lirateke eta gezur handi bat agerian geratuko litzateke. Zuhurtziaz jokatu behar dugu, baina ezin gara geratu. Iker dezatela egi guztia!, erantsi du.

Dilma Rosseff Brasilgo presidente ohiak ere gogor jo du Mororen aurka. Horren ustez, "Sergio Moro epailearen eta Lava Jatoko fiskalen arteko legez kanpoko harremanak agerian geratu dira. Lulak berehala aske beharko luke".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak Brasil