Mundua -

Normandiako lehorreratzea

Normandiako lehorreratzean izan ziren beteranoak omendu dituzte Portsmouthen

Ostegun honetan 75 urte beteko ditu Normandiako lehorreratzeak. Bigarren Mundu Gerraren amaiera ekarri zuen operazio militarra izan zen.

Normandiako lehorreratzean parte hartu zuten beteranoak. Argazkia: EFE
Normandiako lehorreratzean parte hartu zuten beteranoak.
Normandiako lehorreratzean parte hartu zuten beteranoak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduko hainbat buruzagi Portsmouthen (Ingalaterra) bildu dira asteazken honetan Normandiako lehorreratzean parte hartu zuten beteranoak omentzeko. Bigarren Mundu Gerraren amaiera ekarri zuen operazio militar handia gauzatu zenetik 75 urte beteko dira ostegun honetan.

Omenaldian, hamasei herrialdetako agintariak izan dira, tartean Theresa May, Angela Merkel, Donald Trump, Emmanuel Macron eta Isabel II.ena erregina.  

Garai hartako nahiz gaur egungo gerra hegazkinak eta ontziak erakutsi dituzte eta Normandiako lehorreratzeari buruzko dokumental bat eman dute.  

"Gerrako belaunaldia, nire belaunaldia, gogorra da eta ni pozik nago gaur hemen, zuen ondoan, egoteagatik", adierazi du Isabel II.ena erreginak.

"Bizitza galdu zutenen balentria eta sakrifizioa ez ditugu inoiz ahaztuko; umiltasun eta atsegin handiz esaten dizuet, herrialde eta mundu osoaren izenean: eskerrik asko", azpimarratu du.

Donald Trumpek, ostera, Franklin D. Roosveltek 1944an esan zituen hitzak ekarri ditu gogora: "Etsaia indartsua da. Litekeena da gure indarrei aurre egitea, baina behin eta berriro itzuliko gara. Eta badakigu, Jainkoaren graziagatik eta gure kausa justua delako, gure seme-alabak garaile aterako direla".

Normandiako lehorreratzean izan ziren eta oraindik bizirik dauden beteranoak agurtu dituzte agintariek, zorionak eta eskerrak emanez.

Urteurrena ospatzeko ekitaldi gehiago izango dira ostegun honetan Frantzian, Normandiako kostaldean. Eta hara ere joango dira munduko buruzagiak.

Normandiako lehorreratzea

1944ko ekainaren 6an, goizean goiz, aliatuen 150.000 tropa, gehienbat estatubatuarrak, kanadarrak eta britainiarrak, Portsmouthetik Normandiarako bide hartu zuten, lurrez, airez eta itsasoz erasoaldi militarrari ekiteko.

Ordurako Sobietar Errepublikako Armadak hiru urte zeramatzan Alemaniako naziei aurre egiten Europa ekialdean. Josef Stalinek mendebaldetik beste fronte bat irekitzeko eskatu zion Winston Churcill lehen ministro britainiarrari.   

Inbasio hura inoizko erasoaldirik handiena izan zen. 7.000 ontzi lehorreratu ziren 80 kilometroko kostaldean.

Armada naziak gogor erantzun zuen eta milaka hildako izan ziren. Isuritako odolak itsasoa gorriz jantzi zuela kontatzen dute bizirik atera zirenek.

"Izututa nengoen. Uste dut denok geundela izututa", adierazi du 99 urteko John Jenkins beteranoak. "Inoiz ez ditugu gure kideak ahaztuko, borroka honetan batera geunden guztiok eta", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Erresuma Batua Alemania Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Ingalaterra Historia Kanada