Mundua -

30. urteurrena

Tiananmenen gertatutakoa ezkutatzea egotzi dio Taiwanek Txinari, 30 urte geroago

1989ko maiatzean eta ekainean milaka ikasle eta langile Pekingo Tiananmen plazara atera ziren, erreforma politikoak eta ustelkeriaren amaiera exijitzeko.

Tiananmen plaza Pekinen (Txina). Argazkia: EFE
Tiananmen plaza Pekinen (Txina)
Tiananmen plaza Pekinen (Txina). Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tsai Ing-wen Taiwango presidenteak Tiananmengo sarraskia ezkutatzen jarraitzea egotzi dio Txinari gaur bertan, hots, hilketa gertatu zenetik 30 urte bete diren egun berean.

"Gobernuak jendeari ematen dion tratuak eta iraganeko akatsei aurre egiteko duen jarrerak baldintzatzen du herrialde bat zibilizatua izatea", esan du Tsaik Facebooken argitaratu duen mezu ofizial baten bitartez.

Testuarekin batera, irudi bat ere erakutsi du argitalpen horretan. Bertan, presidenteak mezu argi bat bidali du: "Askatasuna airearen gisakoa da, arnasa hartu ezin duzunean soilik konturatzen zara ezin zarela berori gabe bizi. Ez ahaztu ekainaren 4a".

Hong Kongo agintariek, bestalde, Feng Congde erbesteratuari debekatu egin diote herrialdera sartzea, eta horrenbestez, urteurreneko ekitaldietan parte hartzea. Horren harira, Tsaik adierazi du geroz eta handiagoa dela Britainia Handiko kolonia zenaren gainean Pekinek duen kontrola.

Halaber, Wei Fanghe Defentsa ministro txinatarraren adierazpen batzuk ekarri ditu gogora, Txinak manifestazioak desegiteko hartutako jarrera "zuzena" izan zela esan baitzuen hark.

Bukatzeko, askatasuna maite duten txinatarrei eta hongkongdarrei zera azaldu die: "Jakin ezazue Taiwanek demokraziaren eta askatasunaren aldeko borrokari eutsiko diola. Mehatxuak eta infiltrazioak gorabehera, ni neu presidente naizen bitartean ez da presioa inoiz amaituko".

1989ko maiatzean eta ekainean milaka ikasle eta langile Pekingo Tiananmen plazara atera ziren, erreforma politikoak eta ustelkeriaren amaiera exijitzeko.

Oraindik argitu gabe dago zenbat lagun hil zituzten sarraski hartan. Badira ehunka hildako egon zirela dioten iturriek. Beste zenbaiten esanetan, berriz, hildakoak milaka izan ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Txina Eguneko albisteak Albisteak Giza eskubideak gaur Asia azken ordukoa Taiwan