Mundua -

Abortuaren legea

Abortua despenalizatzeko lege proiektu berri bat aurkeztu dute Argentinako Kongresuan

Proiektu berrian jasotzen denez, edonork izan beharko luke abortatzeko eskubidea, aurretiazko baimen judizialik izan ez arren.

Manifestazioak, Argentinan. Argazkia: EFE
Abortua despenalizatzeko lege proiektu berri bat aurkeztu dute Argentinako Kongresuan
Marea berde bat kalera irten da Argentinan abortuaren legeztatzea eskatzeko

2:11

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abortua despenalizatzeko lege proiektu berria aurkeztu dute Argentinako Kongresuan, astearte honetan. Bitartean, milaka manifestari kalera atera dira, gobernuz kanpoko erakundeek deituta, herrialde horretan egin dituzten protestetan parte hartzeko.

Kongresura heldu den proposamena legegileen esku gelditu da orain. Iaz, atzera bota zuten Diputatuen Ganberan abortuarekin lotuta aurkeztutako lege proiektua. Hori ikusita, aldaketa batzuk egin dituzte egitasmo horretan.

Hain zuzen ere, horren arabera, umeak sabelean hazteko gai den edonork izan beharko luke abortatzeko eskubidea, aurretiazko baimen judizialik izan ez arren.

"Oinarrian, proiektua berdina da. Baina zenbait ekarpen egin dizkiogu, iazko esperientzia kontuan izanda", esan du Nina Burgo abortu legalaren, seguruaren eta doakoaren alde lan egiten duen nazio erakundeko arduradunak. "Batez ere gazteek egindako aldarria da pertsonek erabakitzeko eskubidea izatea, eta horrenbestez, abortuaren gaineko lege berria ezartzea", gaineratu du.

Esan bezala, manifestazio jendetsuak egin dituzte bart Argentinan. Parte hartzaileek, emakumezkoak zein gizonezkoak, zapi berdeak jantzi dituzte, aldarrikapen gisa.

Proiektu berriaren sustatzaileen esanetan, ezkutuan egiten dituzten abortuak dira amen artean gertatzen diren heriotzen arrazoi nagusia, eta baliabide gutxi dituzten emakumeen artean ematen dira, batik bat, gisa horretako kasuak.

Gaur egun Argentinak bortxaketa kasuetan eta amaren osasuna arriskuan dagoen egoeretan baimentzen du abortua. Halere, zenbait erakundek adierazi dute epaile askok horretarako baimenak atzeratzeko ohitura dutela, eta beraz, ez dutela abortatzeko aukera bermatzen. Gainera, badira abortua praktikatzera ukatzen diren sendagileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Abortua Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Argentina