Mundua -
LUR MUGIMENDUA
Ritcher eskalan 7,5eko maila izan duen lurrikara izan da Perun
Moyobamban, Peruko Amazonia Altuan, izan du epizentroa lurrikarak eta Kolonbia ere astindu du 8,3ko indarrez. Ekuadorren eta Brasilen ere sentitu dute.
eitb.eus
Ritcher eskalan 7,5eko maila izan duen lurrikara batek astindu du Perun gaur goizean, Ekuadorreko mugatik gertu. Perun 02:41 zirenean gertatu da lurrikara (07:41 GMT) Amazonia Altuan, Lagunas distritutik 70 kilometrora, IGP Peruko Geofisika Institutuak jakitera eman duenez. Hasiera batean IGP berak 7,2koa dela esan duen arren, 7,5era igo du indarra gero.
Lurrikararen epizentroa Moyobamban, San Martin probintziako hiriburutik 191 kilometro ekialdera dagoen inguruan izan da, baina Lima hiriburuan ere sentitu da, 700 kilometrora.
Andeetan dago Moyobamba, Alto Mayo haranean, eta 80.324 pertsona bizi dira Amazonia inguru horretan. Amazonian gertatzen diren lurrikarak oso sakonak izan ohi dira eta horrek suntsiketa indarra gutxitzen badu ere, uhin sismikoa milaka kilometrora sentitu daiteke, eta horixe gertatu da gaur. Hala, Ekuadorren, Kolonbian eta Brasilen ere antzeman dute.
Kolonbian, hain zuzen ere, 8,3ko lurrikara sentitu dutela ordu horretan jakinarazi du Kolonbiako Zerbitzu Geologikoak.
Gutxienez hildako bat
Peruko Larrialdi Operazioak jakitera eman duenez, gutxienez pertsona bat hil da eta bost zauritu dira lurrikara dela eta. Antza denez, harkaitz bat gainera erorita hil da pertsona hori Cajamarca eskualdean.
Amazonaseko Yurimaguas herria izan da kaltetuena eta hara joan da Martin Vizcarra Peruko presidentea kalteak bertatik bertara ezagutzera.
Kalteak jasan dituzten familiei laguntza humanitarioa emango dietela esan du eta etenda dauden errepideak eta komunikazio bideak berrirekiko dituztela lehenbailehen.