Mundua -

Erresuma Batua

Beste erreferendum bat deitzeko aukera eskainiko dio Mayk Parlamentuari

Theresa May lehen ministroak bere proposamen berriaren ildo nagusiak jakinarazi ditu. Oposizioko diputatuen babesa lortu nahi du. Ekaina hasieran bozkatuko dute Komunen Ganberan.

Theresa May Komunen Ganberan. Argazkia: EFE
Theresa May Komunen Ganberan.
Theresa May Komunen Ganberan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Theresa Mayk lehen ministro britainiarrak brexit-ari buruz beste erreferendum bat deitzeko aukera eskainiko die Komunen Ganberako diputatuei, kontra dituen parlamentarien babesa lortzeko asmoz.

Gaur iragarritako neurriekin oposizioko hainbat diputaturen babesa lortzea espero du Mayk. Oraingoz, baina, ez dago ziurtatuta proposamenak aurrera egingo duela.

Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko legea laugarren aldiz bozkatuko dute Parlamentuan, eta oraingoz behintzat, ez dago ziurtatuta aurrera egingo duenik.

Bigarren erreferenduma deitzeko aukeraz gain, lege berriak beste neurri hauek ere biltzen ditu: Europar Batasunarekin aldi baterako aduana bat sortzea, langileen eskubideak bermatzea eta ingurumen balioak mantentzea.

Mayk ohartarazi du ekaineko bozketa "azken aukera" izango dela duela hiru urte britainiarrek erreferendum bidez erabaki zutena gauzatzeko, hots, Europar Batasunetik ateratzeko.

Laugarren aldiz bozkatuko dute brexit-aren legea Komunen Ganberan. Aurreko hiruretan atzera bota zuten.

Mayk esan du hasierako asmoa ituna kontserbadoreen eta DUP alderdiaren babesarekin onartzea zela, baina bere taldearen baitan ere oztopoak dituela ikusita, oposizioko diputatuekin akordio batera heltzeko erabakia hartu zuela erantsi du.

Alderdi Laboristarekin ez du akordiorik zehatzik lortu, baina hainbat gaitan hurbilketa bat izan dela azpimarratu du.

Laboristek Europar Batasunarekin batera aduana bat eratu nahi dute, brexit-aren osteko harreman komertziala zehazteko.

Mayk berretsi du proposamen horren aurka dagoela, Erresuma Batuak bere merkataritza politika propioa landu ahal izatea oztopatuko duela iritzita. Alabaina, prest agertu da 2022 urtera arteko behin-behineko aduana batu bat sortzeko, Ganberak hala babestuz gero.

Horrez gain, laboristek beste erreferendum bat antolatzea eskatzen dute, Parlamentuak erabakitzen duena britainiarrek berresten duten ala ez jakiteko.

Kasu honetan ere, May ez da bigarren erreferenduma deitzearen aldekoa, baina hala izango da diputatuek legea onartuz gero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Brexita Zer da Brexita Theresa May Ingalaterra