Mundua -

Eutanasia

Gaixo frantses bat bizirik mantentzen duten makinak itzaltzeari ekin diote

Vincent Lambert egoera begetatiboan dago 2008tik. Auziak aurrez aurre jarri ditu emaztea eta anai-arrebetako batzuk eta guraso ultrakatolikoak.

Osasun langile bat gaixo bati eskua ematen. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Eutanasia
Osasun langile bat gaixo bati eskua ematen. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzia ipar-ekialdeko Reims hiriko unibertsitate ospitaleak gaur ekin dio Vincent Lambert gaixoa bizirik mantentzen duten makinak itzaltzeko prozesuari. Lambert egoera begetatiboan dago 2008tik, eta urteotan zatituta egon da familia, hiltzen uztearen edo zainketa aringarriei eustearen aldeko borrokan.

Lambertek trafiko istripu larria izan zuen 2008an, eta garuneko lesio larri itzulezinak egin zituen. Ordudanik, hainbat makinak bizirik mantentzen dute. Rachel emazteak eta Lamberten anai-arrebetako batzuek borroka legala abiatu zuten makinok amatatzeko. Asmo horren kontra egin zuten hasieratik Lamberten guraso eta bi anaia-arreba ultrakatolikoek.

Ospitaleko bozeramaile batek gaur azaldu duenez, erietxeak ez ditu kasu jakinen gaineko datuak ematen, konfidentzialtasun arrazoiak tarteko.

Dena dela, Vincent Sanchez Lamberten kasu daraman mediku taldearen buruak maiatzaren 11n aurreratu zuenez, prozesua asteon abiatzeko asmoa zuten. Apirilean erabaki zuten medikuek "tematze terapeutikoa" amaitzea.

Makinak itzaltzeko baimena eman zuten aspaldi epaitegiek. Aurrena, 2014an, Frantziako Estatu Kontseilua —herrialdeko instantzia administratibo gorena— horren alde agertu zen. Urtebete geroago, 2015ean, deskonexioa babestu zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak.

Nolanahi ere, NBEko Pertsona Desgaituen Eskubideen aldeko Nazioarteko Batzordeak makinak ez itzaltzeko eskatu du.

Gurasoek helegitea aurkeztuko dute

Viviane Lambert gaixoaren amak salatu duenez, ospitaleak mezu elektroniko bidez jakinarazi dio erabakia: "Hiltzen ari dira, guri ezer ere esan gabe. Munstroak dira".

Jean Paillot abokaturentzat komunikatzeko modua "krudela" izan da, eta iragarri du helegitea aurkeztuko duela Parisko Apelazio Auzitegian, medikuen erabakia "behin betikoa" ez dela ulertuta.

Oihartzun handia izan du Lambert auziak, eta politikara ere egin du jauzi. Marine Le Pen eskuin muturreko buruzagiak eta Francois-Xavier Bellamy Errepublikanoen Europako zerrendaburuak gurasoak babestu dituzte, eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteari esku hartzeko eskatu diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eutanasia Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Gurasoak Giza Eskubideen Europako Auzitegia