Mundua -

Wikileaks

Suediako Fiskaltzak Assange atxilotzea eskatu du

Auzitegiak eskaera onartuz gero, Wikileakseko sortzailea atxilotzeko agindua emango du. AEBk ere eskatua dute estradizioa, beraz, Erresuma Batuak erabaki beharko du zein aginduk duen lehentasuna.

Assange, espetxera eraman zuten egunean. EFEren artxiboko irudia
Julian Assange
Assange, espetxera eraman zuten egunean. EFEren artxiboko irudia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Suediako Fiskaltzak Julian Assange Wikileakseko sortzailea atxilotzeko eskaera formala egin du gaur, haren kontra aurkeztutako bortxaketa salaketa bat tarteko. Fiskaltzak aurreratu duenez, Uppsala barrutiko Auzitegiak eskaera onartzen badu, Assange atxilotzeko agindu europarra emango du.

"Bortxaketa salaketa bat dela eta, Assange atxilotzea eskatu diot Auzitegiari. Eskaera onartzen badu, Suediaren esku uzteko agindua emango dut", adierazi du Eva-Marie Persson fiskalburuordeak ohar batean.

Assange apirilaren 11n atxilotu zuten Erresuma Batuan, Ekuadorrek zazpi urtean emandako babesa kendu ostean. Ondoren, epaitegi britainiar batek 50 asteko espetxe zigorra ezarri zion, 2012an Erresuma Batuak ezarritako behin-behineko askatasun baldintzak urratzeagatik.

Suediako Fiskaltzaren arabera, "Assangek 25 aste emango ditu preso", eta horren ondotik libre geratuko da. AEBk ere eskatua dute estradizioa. Washingtonek dokumentu sekretuak zabaldu izana egotzi dio Assangeri, eta bost urteko kartzela zigorra ezar diezaiokete delitu horrengatik.

Perssonek azaldu duenez, "Europako atxilotze aginduaren eta AEBn estradizio eskaeraren artean gatazkarik balego, Erresuma Batuko agintariek ebatzi beharko lukete nork duen lehentasuna. Emaitza zein izango den aurreikustea ezinezkoa da. Dena dela, uste dut Suediako auzia Erresuma Batuko prozedurekin batera gauza daitekeela".

Halaber, Per Samuelson Assangeren abokatuetako batek aurreratu du erabakia atzeratzeko eskatuko dio epaileari, hark bere bezeroarekin hitz egin arte. "Ingalaterran preso dagoenez, oraindik ezin izan dut berarekin telefonoz hitz egin", ohartarazi du.

Suediak 2017an artxibatu zuen Assangen kontrako auzia, ikerketan aurrera egin ezin zezakeela kontuan hartuta (Wikileakseko sortzailea Ekuadorrek Londresen zuen enbaxadan zegoen). Duela astebete zabaldu zuen berriro ikerketa, Assangeren egoera pertsonala aldatu egin zela kontuan hartuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Londres Suedia