Mundua -
Kartzelan
Suediak Assangeren aurkako bortxaketa delituaren ikerketa zabaldu du berriro
Ekuadorrek kazetari australiarrari asiloa ukatu ostean, eta haren aurkako susmoen sendotasunaren aurrean, auzia abiaraztea erabaki du Fiskaltzak.
Agentziak | Erredakzioa
Suediako Fiskaltzak Julian Assange WikiLeaksen sortzailearen aurkako bortxa delituaren ikerketa berriro abiatzea erabaki du astelehen honetan. Bi urte igaro dira ikerketa bertan behera utzi zutenetik.
Eva-Marie Persson fiskal nagusiaren laguntzaileak Europan atxilotzeko agindua emango du berriro, Assangeren egoera pertsonala aldatu egin baita, Ekuadorrek asiloa ukatu ostean eta kazetari australiarraren aurkako susmoen sendotasunaren aurrean.
Assange segurtasun handiko espetxe batean dago Erresuma Batuan, AEBren estradizio eskaera argitzen den bitartean.
WikiLeakseko sortzaileak Erresuma Batuko epaimahai bati berretsi dionez, ez du Ameriketako Estatu Batuetara (AEB) estraditatua izan nahi. Guztira, bost urteko kartzela-zigorra ezar liezaiokete Assangeri, AEBra eramaten badute.
Londresko epaitegi batek 50 asteko kartzela-zigorra ezarri zion maiatzaren 1ean Assangeri, 2012an Erresuma Batuak ezarritako behin-behineko askatasun baldintzak urratzeagatik.
Atxiloketa, Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan
WikiLeaksen sortzailea apirilaren 11n atxilotu zuten, Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan, Ekuadorrek asiloa ukatu ostean.
Westminsterko Magistratuen Auzitegiak 2012ko ekainean emandako agindua betez atxilotu zuten Julian Assange.