Mundua -
Krisi politikoa
Venezuelarekin negoziatu nahi duten enpresei ‘arretaz ibiltzea’ aholkatu die AEBk
Era berean, Juan Guaidok hitz egiten duen bakoitzean herrialdean Interneterako sarbidea mozten duten enpresei zigorrak ezarriko dizkie AEBk
Agentziak | Erredakzioa
Etxe Zuriak “arretaz ibiltzeko” aholkua eman die Venezuelako Gobernuarekin negoziatzeko asmoa duten enpresei, izan ere, zigorrak ezarri ahal dizkietela aurreratu du larunbat honetan, batik bat segurtasunarekin edota defentsarekin zerikusia duten enpresei.
“Petrolioaren truke Cubak Venezuelari material osagarria eskaintzen jarraitzen badio, aparteko neurriak hartzeko aukera aztertuko dugu”, esan du Steven Mnuchin AEBko Altxorraren idazkariak.
Era berean, Juan Guaido Venezuelako oposizioaren buruzagiak hitz egiten duen bakoitzean herrialdean Interneterako sarbidea mozten duten atzerriko enpresei zigorrak ezarriko dizkie AEBko Gobernuak.
Juan Guaido bere burua Venezuelako presidente izendatutakoak Nicolas Maduro Gobernutik kentzeko asmoz deitutako ‘Askatasuna Operazioa’ abiatu eta astebete geroago hartu du erabaki hori Donald Trumpen gobernuak.
Milaka venezuelar Brasilera iritsi dira
Beste alde batetik, milaka venezuelar iritsi dira gaur Brasilera, atzo bertan Maduroren gobernuak Brasilekin eta Aruba irlarekin mugak ireki ostean. Sendagaiak erosteko eta babes bila joan dira herritar gehienak.
Otsailaren 23an mugak itxi zituen Venezuelak, Juan Guaido oposizioko buruak laguntza humanitarioa eskatu eta porrota izan ondoren. Brasilgo Gobernuak Guaido Venezuelako “presidente zilegi” gisa onartu du.