Mundua -
Tentsioa
Txinako zenbait produkturi % 25era igo dizkie muga-zergak Trumpen gobernuak
Neurriak 5.000 produktutan izango du eragina; horien artean daude zerealak, erregaiak, produktu kimikoak. Baliteke iPhone mugikorrei edota Nike markako kirol oinetakoei ere muga-zergak igotzea.
Agentziak | Erredakzioa
Donald Trump AEBko presidenteak astelehenean aurreratu bezala, Estatu Batuak % 10etik %25era igo dizkie muga-zergak Txinako zenbait produkturi, bi herrialdeen arteko negoziazioek porrot egin ostean. Zehazki, 200.000 milioi dolarreko balioa duten 5.000 produktutan izango du eragina neurri horrek, eta Trumpen gobernuak ez du baztertu Txinatik inportatutako beste produktuei ere igoera bera ezartzea.
Gauerdian sartu da indarrean muga-zergen igoera, merkataritza-akordioa ixteko helburua zuen bilera akordiorik gabe amaitu ostean. Hala, Txinatik inportatutako produktu gehienei % 15 igo dizkiete muga-zergak.
Estatu Batuak hartutako erabaki horren aurrean, Txina kezkatuta agertu da, eta Trumpen gobernuari erantzuteko neurriak hartu beharko dituela aurreratu du. Dena dela, AEBrekin merkataritza ituna negoziatzen jarraitzeko borondatea adierazi du.
“Merkataritza akordioa lortzear geundela, negoziaketak berriro hasi nahi izan dituzte. Ez dugu hori onartuko”, esan zuen Trumpek ostegunean, Etxe Zurian egindako agerraldian.
Neurriak 5.000 produktutan izango du eragina; horien artean daude zerealak, erregaiak edota produktu kimikoak. Dena dela, gauerdia baino lehen eskatutako produktuei ez diete muga-zerga berria ezarriko, soilik goizaldetik aurrera inportatu dituztenei.
Estatubatuarrek gehien erosten dituzten produktuak alde batera uzten ahalegindu da Etxe Zuria, baina baliteke Trumpen gobernuak hartu duen erabakiak muga-zergak igotzea iPhone mugikorrei edota Nike markako kirol oinetakoei.