Mundua -
Venezuela
Edgar Zambrano Asanblea Nazionaleko presidenteordea atxilotu dute
Juan Guaido opositoreak "bahiketa" gisa hartu du atxiloketa. Bere burua Venezuelako presidente izendatu zuenak gidatutako estatu kolpe saiakera babestu izana leporatuta atxilotu dute.
Agentziak | Erredakzioa
SEBIN Venezuelako Inteligentzia Zerbitzuak Edgar Zambrano Asanblea Nazionaleko presidenteordea atxilotu du ostegun goizaldean, Caracas hiriburuan. Batzar Nazional Konstituziogileak immunitatea kendu zion asteartean, Juan Guaido opositoreak gidatutako estatu kolpe saiakera babestu izana leporatuta.
“Venezuelako Inteligentzia Zerbitzuak ustekabean harrapatu gaitu. Gure autotik irtetera uko egin diogunean, garabia erabili dute Helicoidera (erakundearen egoitzara) eramateko”, azaldu du Zambranok Twitter bidez zabaldu duen mezu batean.
Atxilotu aurretik, SEBINeko agenteek bere autoa inguratu dutela azaldu du Asanblea Nazionaleko presidenteordeak.
Ekintza Demokratikoaren (AD) egoitzatik atera denean atxilotu dute Zambrano. Une horretan, inguruan zeuden herritar batzuk SEBINeko agenteengana hurbildu dira, eta oposizioko diputatua aske uzteko eskatu diete. Halaber, ED alderdiaren himnoa abestu dute.
Beste alde batetik, Juan Guaido Asanblea Nazionaleko presidenteak “bahiketa” gisa hartu du atxiloketa.
“Maduroren erregimenak Asanblea Nazionaleko presidenteordea bahitu du”, esan du Twitter bidez zabaldu duen mezu batean.
Batzar Nazional Konstituziogileak asteartean kendu zien immunitatea oposizioak kontrolatzen duen Parlamentuko zazpi diputaturi, Juan Guaido opositoreak apirilaren 30ean zuzendutako altxamendu militarra babestu izana leporatuta.
Immunitatea kendu dieten zazpi diputatuak Henry Ramos Parlamentuko presidente ohia eta Luis Florido, Mariela Magallanes, Americo de Grazia, Richard Blanco, Simon Calzadilla eta Edgar Zambrano diputatuak.