Mundua -
Ituna
Iranek 2015eko akordio nuklearrean hartutako konpromisoak murriztuko ditu
Ameriketako Estatu Batuek ituna hautsi eta urtebetera hartu du erabakia Teheranek, gainerako sinatzaileek euren eginbeharrak betetzeko orduan porrot egin ondoren.
Agentziak | Erredakzioa
2015eko akordio nuklearrean hartutako konpromisoak murriztuko dituela iragarriko du Irango Gobernuak asteazken honetan. Ameriketako Estatu Batuek ituna hautsi eta urtebetera hartu du erabakia Teheranek, gainerako sinatzaileek euren eginbeharrak betetzeko orduan porrot egin ondoren.
Abas Araqchi Irango Atzerri ministrordeak Errusia, Txina, Frantzia, Erresuma Batua eta Alemaniako enbaxadoreei emango die erabakiaren berri Teheranen, baita gainerako herrialde sinatzaileei ere.
Aldi berean, Hasan Rohani Irango presidenteak gutunak bidaliko dizkie asteazken honetan bost herrialde horietako buruzagiei, emandako pausoa azaltzeko.
IRNA albiste-agentzia ofizialaren arabera, Rohaniren esanetan, azken urtean Iranek eutsi egin dio akordioari, baina beste aldeek porrot egin dute konpromisoak betetzeko orduan.
Gainera, Mohamad Yavad Zarif Atzerri ministroak Federica Mogherini EBko diplomaziaren buruzagiari idatziko dio, erabakiaren xehetasun teknikoak eta legalak azaltzeko.
Gutunetako testua akordio nuklearreko agiri sekretuen artean geratuko da, baina edukiaren berri emango omen dute.
AEBren zigorrak eta presioa
Washingtonek alde egiteko erabakia hartu aurreko banku eta merkataritza harremanak berreskuratzea eskatzen du Iranek. AEBk 2018ko maiatzaren 8an hautsi zuten ituna.
Akordioa aldebakarreko erabakiarekin hautsi ondoren, Washingtonek Irani zigorrak ezarri zizkion berriro abuztuan eta azaroan, baita banku eta petrolio sektoreei ere.
Iragan hilean petrolio sektorearen gaineko presioa areagotu zuen Washingtonek; izan ere, zortzi herrialderi Irango petrolio gordina erosteko salbuespen fiskalak ez berritzea erabaki zuen Trumpen Gobernuak.
Gainera, zigor berriak ezarri behar zituztela iragarri zuen AEBko Estatu Departamentuak ostiralean, Irango programa nuklearrari murrizketa gogorragoak ezartzeko.
Buxehrko zentral nuklearra handitzeko edozein dirulaguntza eta uranio aberastua uranio naturalaren truke Irandik kanpo transferitzeko edozein saiakera zigortuko dute.
Nazioarteko zigorrak altxatzearen truke, JCPOAk Irango programa atomikoa mugatzen du, baina AEB akordiotik atera zenetik ezbaian geratu da.
AEBen zigorrei aurre egiteko neurri-sorta hartu du Europak, besteak beste, ordainketa kanal berezi bat, baina oraingoz ez du arrakastarik izan.