Mundua -
MEXIKO
13 pertsona hil dira Mexiko iparraldean, hegazkin pribatu batek izandako istripuan
Las Vegas eta Monterrey arteko bidea egin behar zuen hegazkinaren arrastoak Mexikoko Ocampo udalerrian aurkitu dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 13 pertsona hil dira astelehen honetan Mexiko iparraldean, hegazkin pribatu batek istripua izan ostean.
Hegazkinak Las Vegas eta Monterrey arteko bidea egin behar zuen, baina oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko, lurrera erori da. Hegazkinaren arrastoak Mexikoko Ocampo udalerrian aurkitu dituzte, iristeko zaila den gune batean.
Telebistako irudietan ikus daitekeenez, mendiez inguratutako inguru lehor batean jo du lurra. Bombardier fabrikatzaile kanadarrak azaldu duenez, ezbeharra izan duen hegazkina Challenger 601 modelokoa zen. Mexikoko Monclova hiritik 150 itsas miliatara desagertu zen.
Fabrikatzaileak aurreratu duenez, Kanadako garraio batzordearekin harremanetan jarri da. Halaber, ikerketan kolaboratuko duela azpimarratu du.
Guztira, 10 bidaiari eta tripulazioko 3 kide zihoazen barruan, Coahuilako Gobernuak azaldu duenez.