Mundua -

Gatazka

Su-etena adostu dute Gazan, bi eguneko erasoen ostean

48 orduotan, 25 pertsona hil ditu Israelek, umeak tartean. Hamasek jaurtitako koheteen ondorioz, bestalde, lau israeldar hil dira.

Auto bat, txikituta Gazan, Israelen bonbardaketa baten ostean. Argazkia: EFE
Auto bat txikituta Gazan, Israelen bonbardaketa baten ostean.
Israel eta Gazako lurralde palestinarra lasai esnatu dira gaur

0:59

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hamasek eta Israelek su-etena adostu dute bart, eta nolabaiteko lasaitasuna berreskuratu dute Gazako Zerrendan. Izan ere, azken 48 orduak odoltsuak izan dira oso: 2014ko gerratik, ez da horrenbeste biktimarik izan hain denbora txikian. Guztira, 29 pertsona hil dira enfrentamenduetan. Israelgo Armadak egindako bonbardaketetan 25 palestinar hil dituzte eta 4 israeldar hil dituzte erasoetan.

Bertako hedabideek jakinarazi dutenez, Gazan 04:30 zirenean sartu da indarrean su-etena. Israelgo Gobernuak ez du armistizioa ofizialki baieztatu, baina Armadak iragarri du Israelgo hegoaldean ezarritako murrizketak kendu dituela, Haaretz egunkariaren arabera.

Azken bi egunetan Hamas eta Jihad Islamikoarenak omen ziren 350 helburu bonbardatu ditu Israelek. Dena dela, Palestinako agintariek salatu dute zibilen kontrakoak ere izan dira erasoak. Israelgo Armadak aitortu duenez, gainera, Hamaseko buruzagi bat hil dute —2014tik egiten duten lehen hilketa selektiboa—. Horrela, Gazako Osasun Ministerioak baieztatu duenez, 25 pertsona hil dituzte erasoetan. Hildakoen artean bi haurdun, 14 hilabeteko ume bat eta beste adingabe bat daude.

Israelgo Defentsa indarren arabera, Palestinako miliziek 690 kohete jaurti eta lau israeldar hil dituzte. Armadak 240 kohete geldiaraztea lortu du, iturrion esanetan.

Laguntza humanitarioa

Isameil Haniyeh Hamaseko buruzagiak igandean nabarmendu zuenez, su-eten baterako prest zeuden, Israelek beste hainbeste egiteko prest bazegoen. "'Lasaitasuna' berreskuratzea posible da, baina indar okupatzaileen esku dago su-eten erabateko bat ezartzea", adierazi zuen ohar batean.

Ume palestinar bat Gazan.

Ume palestinar bat, negarrez, Israelen eraso batean anaia hil ostean. Argazkia: EFE

Azkenik, armistizioa adostu dute bi aldeek. Tarte horretan, talde humanitarioak Gazara joan ahalko dira palestinarrak laguntzera. Horrez gain, arrantza egiteko eremua handitzea onartu du Israelek (12 milia).

Deia nazioarteari

Mahmud Abbas Palestinar Aginte Nazionaleko presidenteak NBEn duen ordezkariari galdegin dio eska dezala NBEren Segurtasun Batzordearen urgentziazko bilera. Horren ustez, "nazioartearen isiltasunak hauspoa ematen die tankera horretako erasoei".

Bien bitartean, Israelek bere aliatu nagusiaren babesa izan du azken orduetan, Ameriketako Estatu Batuena (AEB). "Gazako herriari! Ekintza terrorista hauek zoritxarra baino ez dizuete ekarriko. Indarkeria alde batera utzi, eta egin ezazue bakearen alde lan", zabaldu du Donald Trump AEBko presidenteak Twitter bidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbila Hamas gaur