Mundua -
Assangeren atxiloketa
50 asteko kartzela zigorra ezarri dio Londreseko epaitegi batek Julian Assangeri
AEBra estraditatua izateko epaiketa ere abian da, 2010ean, dozenaka mila dokumentu estatubatuar sailkatu argitaratu baitzuen Assangek sortutako WikiLeaksek.
Agentziak | Erredakzioa
Londreseko epaitegi batek 50 asteko kartzela zigorra ezarri dio Julian Assange WikiLeakseko sortzaileari, 2012an Erresuma Batuak ezarritako behin-behineko askatasun baldintzak urratzeagatik.
47 urteko australiarra Southwarkeko gortean bertaratu da epaia ezagutzeko, apirilaren 11n beste epaitegi batek kargu berdinagatik erredun deklaratu eta gero.
WikiLeakseko sortzailea apirilaren 11n atxilotu zuten, Ekuadorrek 2012an emandako asiloa ukatu ostean. Polizia britainiarrak indarrez atxilotu zuen Assange, AEBk hura atxilotzeko egindako eskaeragatik eta Erresuma Batuak ezarritako behin-behineko askatasun baldintzak urratzeagatik.
Epailearen esanetan, 2012ko ekainaren 19an "enbaxadan ezkutatzean justiziaren eskutik ihes egin zuen nahita, Erresuma Batuan jarraitzen zuen bitartean".
Horrenbestez, "bere egoera pribilegiatuaz baliatu zen legea urratzeko", epailearen iritziz.
Bestalde, Assangek Belmarsheko espetxetik bideokonferentziaz deklaratuko du bihar (osteguna) Westminsterreko Magistratuen Gortearen aurrean, AEBra estradizio prozesua abiatzeko.
Washingtonek dokumentu sekretuak zabaldu izana egotzi dio Assangeri, eta bost urteko kartzela zigorra ezarri diezaiokete delitu horrengatik.
2010ean, dozenaka mila dokumentu sailkatu argitaratu zuen Assangek sortutako WikiLeaksek, Irakeko eta Afganistango gerrei buruzko informazio garrantzitsuarekin, eta baita kablegrama diplomatiko asko ere.