Mundua -
VENEZUELA
Leopoldo Lopezek ez dio 'asilo eskaerarik egin' Espainiari, Moncloaren arabera
Espainiako Atzerri Ministerioak baieztatu duenez, Leopoldo Lopez, haren emaztea eta alaba enbaxadore espainiarraren Caracaseko egoitzan babestu dira Txileko enbaxadatik irten ostean.
AGENTZIAK
Venezuelan, Leopoldo Lopez oposizioko kidea eta haren familia Espainiak Caracasen duen enbaxadan daude, baina "ez diote asilo eskera egin" Espainiako Gobernuari, Moncloako iturriek jakinarazi dutenez.
"Argitaratutako informazio kontraesankorren aurrean, Leopoldo Lopez, haren emaztea eta alaba, Espainiako enbaxadoreak Caracasen duen egoitzan daudela berresten dugu", azaldu dute Espainiako Gobernuko iturriek.
Halaber, hara joatea "berezko erabakia izan dela eta babes eskaerarik ez dutela egin" zehaztu dute.
Leopoldo Lopez eta Lilian Tintori emaztea asteartean sartu ziren Txilek Caracasen duen enbaxadara 15 hilabeteko alabarekin batera —bikoteak beste bi seme ditu—, eta hainbat orduz egon dira bertan. Espainiako Atzerri Ministerioak baieztatu duenez, Txilek Caracasen duen enbaxadatik irten eta Espainiakora joan dira.
Lopezek eta Tintorik "jatorri espainiarra" dute. Espainiak nazionalitatea eman die Lopezen gurasoei eta haren beste senitarteko batzuei. Horrez gain, Antonio Ledezma Caracaseko alkate ohia eta Lorent Saleh oposizioko ekintzailea babestu ditu.