Mundua -
Frantzia
Macronek zergak murriztu eta pentsioak igoko ditu, txaleko horiei erantzunez
Txaleko horiak egiten ari diren protestak amaitzeko asmoz, Frantziako presidenteak hainbat neurri iragarri ditu arratsalde honetan egindako agerraldian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pertsona fisikoen gaineko zerga jaitsi eta gutxiengo pentsioak igo egingo dituela iragarri du Emmanuel Macron Frantziako Gobernuko presidenteak.
Macronek agerraldia egin du arratsaldean, txaleko horien mugimendua azken hilabeteotan egiten ari den protestak gelditzeko asmoz ezarriko dituen neurrien berri emateko.
Pertsona fisikoen gaineko zerga jaitsiko duela eta gastu publikoa murriztuko duela esan du, baina horrek "lan gehiago" egitea eskatuko duela zehaztu du.
Zerga murrizketa 5.000 milioi euro ingurukoa izango dela azaldu du eta enpresentzako hainbat onura fiskal bertan behera utziko dituela erantsi du.
Gutxiengo pentsioari dagokionez, 1.000 eurotik gora egongo dela agindu du. Kotizazio-epea luzatu nahi duela esan du, baina erretiroa hartzeko adina bere horretan utziko duela argitu du.
Horrez gain, Konstituzioa erreformatzeko prozesua abiaraziko dutela adierazi du, besteak beste, deszentralizaziorako, parlamentari kopurua murrizteko eta Kongresuan proportzionaltasun tasa bat ezartzeko.
Halaber, Administrazio Eskola Nazionala ixteko prest agertu da. Frantziako elitearen eskolatzat jotzen da eta neurri horrek polemika handia piztu du.
Aipatu neurriak apirilaren 15ean iragarri behar zituen, baina agerraldia bertan behera utzi behar izan zuen, Parisko Notre Dame katedraleko sutea dela eta.