Mundua -
Atentatuak
Goi kargudunak salatu ditu Sri Lankak, erasoei buruzko informazioa ezkutatzeagatik
Azken orduotan gora egin du hildakoen kopuruak: guztira, 359. Bestalde, 60 pertsona atxilotu dituzte atentatuekin zerikusia dutelakoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sri Lankako Gobernuko goi kargudunek Inteligentzia zerbitzuek atentatuei buruz emandako informazioa nahita ezkutatu zuten, Lakshman Kiriella Enpresa Publikoetako ministro zeilandarrak salatu duenez.
Hori dela eta, Maithripala Sirisena presidenteak Polizia buruaren eta Defentsa ministroaren dimisioa eskatu du, Reuters albiste agentziari Presidentetzaren gertuko iturriek jakinarazi diotenaren arabera.
Iturri horiek, baina, anonimoak dira, ez baitute identifikatu nahi izan, Inteligentzia gaiekin lotuta Zeilango Gobernuak egindako kudeaketa akatsei buruz hitz egin dutelako.
Halere, Sri Lankako presidenteak asteazken honetan iragarri du astebeteko epean segurtasun indarren goi-karguak aldatuko dituela. Gainera, 24 orduko epean segurtasun erakundeetan ere aldaketak egingo ditu, Daily News egunkariak aurreratu duenez.
Kontua da Sri Lankako Inteligentzia zerbitzuek atentatu arriskuaren berri jaso zutela, erasoak gertatu baino ordu batzuk lehenago.
Horregatik, Sirisenak azpimarratu du Indiako Inteligentzia agenteen abisuen aurrean neurririk hartu ez zutenen aurka egingo duela. Izan ere, eliza kristauen kontrako mehatxuak zeudela jakin zuten atentatuak gertatu orduko.
359 pertsona hil dituzte atentatuetan
Azken orduetan gora egin du hildakoen kopuruak: guztira, 359. Gainera, iturri ofizialek nabarmendu dute balitekeela uhartean atentatu gehiago egotea.
60 pertsona atxilotu dituzte
Sri Lankako Gobernuko Estatu idazkari eta ministro bozeramaileak, Ruwan Wijewardenek, atxiloketei buruzko azken datuak eman ditu gaur. Haren hitzetan, orain arte 60 lagun atxilotu dituzte, erasoekin zerikusia dutelakoan.
Wijewardenek zehaztu du 60 atxilotuak zingalesak direla, eta horietatik 32 poliziaren esku daudela.
Ruwan Gunasekara Sri Lankako Poliziaren bozeramaileak, bestalde, baieztatu du bederatzi erasotzaile suizidak parte hartu zutela erasoan, nahiz eta orain arte zortzi identifikatu dituzten.