Mundua -

Eraso oldea

Dagoeneko 310 dira Sri Lankako atentatuetan hildakoak

Zaurituak, ostera, 500dik gora dira. Astearte honetan egingo dute hildakoen aldeko estatu hileta.

Bi soldadu, Colombo hirian izandako leherketa kontrolatuan. Argazkia: EFE
Bi soldadu, Colombo hirian izandako leherketa kontrolatuan
Bi soldadu, Colombo hirian izandako leherketa kontrolatuan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Biktimen kopuruak gora egiten jarraitzen du Sri Lankan. Azken balantze ofizialaren arabera, 310 pertsona hil eta 500 lagun baino gehiago zauritu dira Pazko igandean hiru eliza kristauren eta lau hotelen kontra egindako atentatu oldean. Gaurkoa dolu egun nazionala izendatu dute, eta Maithripala Sirisena presidenteak larrialdi egoera ezarri du.

Halaber, gaur egingo dute erasoetan hildakoen aldeko estatu hileta Negombo hiriko Katuwapitya elizan, Colombo hiritik kilometro gutxi batzuk iparraldera.

Hildakoen artean gutxienez 31 atzerritar daude: bikote galiziar bat, bangladeshtar, bi txinatar, zortzi indiar, frantziar bat, japoniar bat, herbeheretar bat, portugaldar bat, bi saudiarabiar, bi turkiar, sei britainiar, bi estatubatuar eta bi australiar.

Gutxiengo katolikoa Pazko Igandea ospatzen ari zela gertatu zen eraso oldea. Hiru eliza izan zituzten jomuga: Kolonbo hiriburuko bat, Katanako beste bat (mendebaldean) eta Batticaloa hirian (ekialdean), hirugarrena. Horrez gain, lau hoteli ere eraso zieten, laurak Kolonbon.

Gehienak eraso suizidak izan ziren. Atentatuak inork bere gain hartu ez baditu ere, Sri Lankako Gobernuak National Thorheeth Jamathi (NTJ) egotzi dizkio atentatuak. Bertako talde terrorista bat da, kutsu islamistakoa. Gobernuak, hala ere, taldeak nazioarteko taldeekin harremanak izan ditzakeela ohartarazi du.

Sri Lankako Poliziak gutxienez 30 pertsona atxilotu ditu atentatuekin zerikusia dutelakoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Atentatuak argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Asia albisteak