Mundua -
eraso oldea
290 pertsona hil eta 500 zauritu dira Sri Lankako atentatuetan
24 pertsona atxilotu dituzte. Gobernuak kutsu islamistako bertako talde terrorista bati egotzi dizkio atentatuak, nazioarteko taldeekin harremanak izan ditzakeela ohartarazi du.
Agentziak | Erredakzioa
Biktimen kopuruak gora egiten jarraitzen du Sri Lankan. Agintariek emandako azken datuen arabera, 290 pertsona hil eta 500 zauritu dira igandean hiru eliza kristau eta lau hotelen kontra egindako atentatu oldean.
Ruwan Gunasekara Sri Lankako Poliziaren bozeramailearen hitzetan, 24 lagun atxilotu dituzte erasoekin zerikusia dutelakoan. Poliziaren ikerketa taldeko kideak susmagarriak galdekatzen ari dira.
Gutxiengo katolikoa Berpizkunde Igandea ospatzen ari zela jazo ziren erasoak. Hiru eliza izan zituzten jomuga: Kolonbo hiriburuko bat, Katanako beste bat (mendebaldean) eta Batticaloa hirian (ekialdean), hirugarrena. Horrez gain, hiru luxuzko hoteli ere eraso zieten, hirurak Kolonbon. Zortzi leherketa izan ziren guztira, lehenengo seiak ordu erdiko tartean, Sri Lankan 08:45 zirenean (02:45 GMT).
Ordu batzuk geroago, zazpigarren leherketa bat izan zen Dehiwala hiriko (hiriburutik 10 kilometro hegoaldera) zoo batetik 100 metrora dagoen hotel batean, eta zortzigarren bat Kolonboko bizitegi-gune batean.
Horrez gain, Sri Lankako artezilariek beste lehergailu bat desaktibatu zuten nazioarteko aireportutik gertu.
Atzo ezarritako etxeratze agindua altxatu dute gaur agintariek.
Euskal jatorriko biktimarik ez
Hildakoen artean 35 nazionalitatetako pertsonak daude: bikote galiziar bat, bost britainiar, hiru indiar, hiru daniar, bi turkiar, holandar bat eta txinatar bat. Biktimen artean portugaldarrak, belgikarrak, japoniarrak, bangladeshtarrak, pakistandarrak eta estatubatuarrak ere badaude, Mike Pompeo AEBko Estatu idazkariaren arabera.
Sri Lankan kristauak dira gutxiengoa, biztanleriaren % 7,4. Budistak dira gehienak (% 70,2), eta ondotik hinduistak (% 12,6) eta musulmanak (% 9,7) daude, 2011ko erroldaren arabera.
Azken urteotako atentatu odoltsuenak izan ziren igandekoak. Iragan beltza izan du Asiako herrialdeak: 2009an amaitu zen Sri Lankako gerra zibila, eta iraun zuen 26 urteetan 40.000 zibil hil ziren Tamil gerrillaren eta Gobernuaren arteko enfrentamenduetan.
Nazioarteko sare batekin lotura daukan tokiko talde terrorista bat
Sri Lankako Gobernuak National Thorheeth Jamathi (NTJ) egotzi dizkio atentatuak. Bertako talde terrorista bat da, kutsu islamistakoa. Gobernuak, hala ere, oso ezaguna ez den taldeak nazioarteko taldeekin harremanak izan ditzakeela ohartarazi du.
Rajtha Senraratne Osasun ministroak eta Gobernuko bozeramaileari atentatuen autoretzari buruz galdetu diotenean, prentsaurreko batean, denbora eman du erantzuteko.
"Bertako erakunde bat da, baina ez dakigu atzerriarekin loturak dituen", gehitu du. Ez du igandean "eraso suizidak" egin zituen talde islamistari buruzko xehetasunik eman.
Senraratnek azpimarratu duenez, ikerketen arabera, erasoak nazioarteko sare baten laguntzarekin izan ziren planifikatuta, erasotzaileen entrenamenduari eta eztanden mailari erreparatuta.
"Ez dugu uste herrialde honetako erakunde txiki batek hau dena egin dezakeenik. Nazioarteko laguntza eta beste loturak ari gara ikertzen", esan du ministroak. Senraratnek zera galdetu du: "Nola prestatu ziren erasotzaile suizidak? Nola egin ziren horiek bezalako bonbak?".
Erantzukizuna onartu du Gobernuak
Apirilaren 4an nazioarteko agentzia inteligentziek erasoez ohartarazi zutela onartu du ministroak. Abisu horietan jomuga "elizak eta helburu turistikoak" izan zitekeela ohartarazten zuten.
"Apirilaren 9an informatu genuen Polizia inspektore nagusiari, ustezko terroristen izenak sartuta", onartu du. Ezbeharra ez saihesteagatik izandako erantzukizuna azpimarratu du Gobernuak.
"Jakitea ala ez beste gia bat da, baina erantzuleak gara. Asko sentitzen dugu eta barkamena eskatzen dugu", gehitu du.