Mundua -

Erasoak

Gutxienez 207 pertsona hil eta 450 zauritu dira Sri Lankan, atentatu olde batean

Hiru eliza katolikotan eta luxuzko beste hiru hoteletan izan dira leherketak. Sri Lankan Pazko Igandea ospatzen ari zirenean gertatu dira leherketak, eta ordu erdiko tartean burutu dituzte.

Gutxienez 138 pertsona hil eta 400 zauritu dira Sri Lankan, atentatu-olde batean. EFE
Gutxienez 138 pertsona hil eta 400 zauritu dira Sri Lankan, atentatu-olde batean
200dik gora hil eta 450 zauritu dira Sri Lankan izandako hainbat atentatutan

1:28

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atentatu olde handi batek Sri Lanka astindu du igande goiz honetan. Gutxienez 207 pertsona hil eta 450dik gora zauritu dira hiru eliza katolikotan eta luxuzko beste hiru hoteletan izan diren leherketetan. Sri Lankan Pazko Igandea ospatzen ari zirenean gertatu dira leherketak, eta ordu erdiko tartean burutu dituzte atentatuak.

Luxuzko hiru hotelak (bost izarreko Cinnamon Grand, Kingsbury eta Shangri-La) eta San Antonio eliza Kolonbo hiriburuan daude. Tokiko agintariek oraindik ez dute zehaztu zenbat pertsona hil diren han, baina Sri Lankako segurtasun indarrek jakitera eman dutenez, 50 pertsonatik gora hil dira Negombo hiriko eliza katoliko batean izandako eztandan, hiriburutik 30 bat kilometrora. Beste leherketa bat Batticaloa hirian izan da, Sion elizan, hain zuzen ere. Bertan, 25 pertsona hil dira.

Zazpigarren leherketa Dehiwala hiriko zoologikotik 100 bat metrotara dagoen hotel baten aurka izan da, Kolonbo erdigunetik gertu. Zortzigarren atentatua, azkena izan daitekeena, Dermatagodan izan da, etxebizitza ugari biltzen dituen inguru batean.

Ordu batzuk geroago, Armadako artezilariek lehergailu bat eztandarazi dute kontrolpean, herrialdeko nazioarteko aireportu nagusiaren inguruan.

Lehergailua errepide ertzean aurkitu dute, Bandaranaike Nazioarteko Aireportutik gertu, Gihan Seneviratne Aire Armadako bozeramaileak jakitera eman duenez.

Artezilariek kontrolpean leherrarazi dute bonba kalterik eragin gabe, gaineratu du bozeramaileak.

Egoera horren aurrean, Sri Lankako Gobernuak larrialdi-egoera ezarri du, eta poliziak etxean geratzeko agindua eman die herritarrei.

Era berean, sare sozialak eta berehalako mezularitza zerbitzu batzuk (WhatsApp eta Facebook, besteak beste) aldi baterako blokeatu ditu Sri Lankako Gobernuak. Era berean, internet zerbitzariek gainezka egin dute eta zerbitzua emateari utzi diote. Gainera, autobus zerbitzuak eten dituzte Kolonbo hiriburuan.

Nazioarteko agintariek gaitzespen irmoa agertu dute igande honetan izan den atentatu-oldea dela eta. Jean-Claude Juncker Europar Batzordeko presidenteak Europar Batasunaren laguntza eskaini dio herrialdeari, goizeko eraso “beldurgarrien” aurrean.

Sri Lankan, gutxiengo erlijiosoen aurkako erasoak aurretik ere gertatu izan dira. Herrialdeko gehiengoa budista da (% 70,2), eta, biztanleriaren % 7,4 besterik ez da kristaua, 2011ko datuen arabera. Tartean, hinduistak (% 12,6) eta musulmanak (% 9,7) daude.

Iaz, Gobernuak larrialdi-egoera ezarri zuen, musulman eta budisten arteko liskarretan bi hildako eta ehunka zauritu izan zirenean. Sri Lankako guda zibiletik, 26 urte iraun zituen tamil talde-militarra eta Gobernuaren arteko borrokaz geroztik, ez da honelako atentatu larririk izan. Borroka horiek 2009an amaitu zuten, milaka herritarren heriotzarekin.

Maithripala Sirisena herrialdeko presidenteak atsekabea agertu du kazetarien aurrean eta lasaitasuna eskatu die herritarrei. Bitartean, Ranil Wickremesinghe lehen ministroak Sri Lankako Segurtasun Batzordea deitu du, gertatutakoa ezohiko bilera batean azter dezaten.

Poliziak etxean geratzeko agindua eman die herritarrei, eta leherketak izan diren inguruetara ez hurbiltzeko aholkatu die. Halaber, zaurituak eraman dituzten ospitaleetara ez bertaratzeko eskatu die. Hezkuntza ministroak jakinarazi duenez, herrialdeko eskola guztiak itxita egongo dira astelehenean eta asteartean.

Zazpi atxilotu, erasoekin zerikusia dutelakoan

Sri Lankako Gobernuak baieztatu duenez, zazpi pertsona atxilotu dituzte herrialdean, Pazko Igande honetan izandako leherketekin zerikusia dutelakoan. Izan ere, zortzi atentatu izan dira guztira, horietako hiru elizetan, eta beste bost hiriko luxuzko hainbat hoteletan, horietako bat Dehiwala hiriko zoologikotik gertu.

Ruwan Wijewardena Defentsa ministroak talde terrorista bakar bati egotzi dizkio ekintza guztiak, eta litekeena da hainbat ekintzaile suizidek gorputzera lotuta zituzten lehergailuak zartatu izana.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Atentatuak bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Asia albisteak