Mundua -
Londonderry
Kazetari bat hil dute tiroz Ipar Irlandan
Poliziaren esanetan, "baliteke IRA Berriak" hil izana. Hilketa terrorismo ekintza gisa ikertzen ari dira.
agentziak | erredakzioa
29 urteko kazetari bat hil dute tiroz bart Londonderryn (Ipar Irlanda) izan diren liskarretan. Polizia terrorismo ekintza gisa ikertzen ari da hilketa.
Ipar Irlandako Poliziak ikerketa abiarazi du, eta gaur bertan esan duenez, baliteke disidente errepublikanoak Lyra McKee kazetariaren hiltzaileak izatea.
Mark Hamilton Ipar Irlandako Poliziaren buruzagi laguntzailearen esanetan, "baliteke IRA Berriak" hil izana.
"Zalantzarik gabe, pertsona batek baino gehiagok parte hartu zuen. Baina noski, pertsona bakarrak sakatu zuen katua", adierazi du Stephen Martin poliziaburuak, nahiz eta aitortu "goizegi" dela susmagarrien adinak zehazteko.
Martinek esan du erasoa "antolatua" izan dela, eta Derryko herritar asko "bihotza apurtuta" utzi dituela "Bake Ituna sinatu eta 21 urtera".
Poliziak esan du Creggan erresidentzia auzoko tiroketa baino lehen miaketak egiten ari zirela, "indarkeria ekintzak" galarazteko.
Azaldu dutenez, disidenteek istiluak sortzera "bultzatu" dituzte gazteak, eta 50 molotov kokteletik gora jaurti eta bi polizia auto erre dituzte.
"Sarekadak egin ditugu bart poliziaren aurkako eraso hiltzaileak izango zirela uste genuelako, urtarrilean edo Bishop Streeten gertatu bezala", gaineratu du.
Hamiltonen arabera, osteguneko 23:00ak aldera "pistoladun bat agertu zen, eta poliziaren aurka tiro egiten hasi zen".
"Lyra McKee, 29 urteko emakume bat, zauritu zuten. Poliziaren auto batean eraman zuten Altnagelvin ospitalera baina, tamalez, hil egin zen", gaineratu du.