Mundua -
Frantzia
Suak Parisko Notre Dame katedrala kiskali du
Orratza eta teilatua behera etorri dira, baina agintariek esan dute suhiltzaileek egitura eta bi dorre nagusiak salbatzea lortu dutela. Hala ere, zuhurtzia eskatu dute.
eitb.eus
Sute oso handia piztu da Parisko Notre Dame katedralean, eta eraikina kiskalita geratu da. Orratz zentrala eta teilatua, adibidez, erori egin dira.
Sua tenpluaren erdigunean piztu da, 18:50 inguruan, eta handik ordubetera orratza eta teilatua behera etorri dira. Goizaldean, suhiltzaileek kontrolpean hartu dituzte garrak.
Ezbeharraren ondorioz ez da biktimarik izan, ordurako katedrala itxita zegoelako, baina garrak itzaltzen ari zen suhiltzaileetako bat larri zauritu dela jakinarazi dute.
Poliziak segurtasun-eremua ezarri du eta itxi egin ditu katedralera joateko zubiak.
Parisko Fiskaltzak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko. Frantziako BFMTV telebistak suhiltzaileen iturriak aipatuta zabaldu duenez, katedrala eraberritzeko egiten ari diren lanekin izan dezake lotura suak. Oraingoz, baina, ez dago baieztapen ofizialik.
400 suhiltzaile aritu dira sua itzaltzeko lanetan, eta, besteak beste, 18 ur-kanoi eta helikopteroak erabili dituzte horretarako.
Parisko eraikinik ezagunenetako bat da Notre Dame katedrala. 1163. urtean hasi ziren eraikitzen eta 1345ean amaitu zituzten lanak.
Egitura eta bi dorre nagusiak salbatzea lortu dute
Bestalde, gauerdia baino lehen egindako agerraldi publikoan, Emmanuel Macron Frantziako Gobernuko presidenteak esan du "okerrena" saihestea lortu dutela, baina, hala ere, "bataila ez da amaitu", erantsi du.
"Okerrena saihestu dugu, baina bataila ez da erabat amaitu. Datozen orduak zailak izango dira, baina suhiltzaileen lanari esker fatxada eta bi dorre nagusiak ez dira erori", nabarmendu du agerraldian.
Horrez gain, Notre Dame katedrala "denon artean" berreraikitzeko asmoa iragarri, eta Frantzian nahiz atzerrian horretarako dirua biltzeko kanpaina bat abiatuko duela aurreratu du.
Laurent Nuñez Frantziako Gobernuko Estatu idazkariak ere ziurtzat jo du katedralaren egitura salbatzea lortu dutela.
Halaber, suhiltzaileen ahaleginari esker garrek indarra galdu dutela jakinarazi du. "Notre Dame katedralaren egitura salbatuta dagoela pentsatzeko moduan gaude", esan du.
BIDEOA | Notre Dame katedraleko dorre nagusia erori egin da