Mundua -
Assangeren atxiloketa
'Assangek espioitza gune gisa erabili zuen enbaxada', Lenin Morenoren hitzetan
Ekuadorko presidenteak ukatu du mendekuz aritu izana eta WikiLeakseko sortzaileak enbaxadako langileei emandako tratua eta izandako 'jarrera higieniko desegokia' kritikatu ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Lenin Moreno Ekuadorko presidenteak gogor kritikatu du Julian Assange WikiLeakseko sortzaileak Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan azken zazpi urteotan izandako jarrera. Salatu duenez, "enbaxada espioitza gune gisa erabili zuen, eta behin eta berriro urratu zituen bere asilo politikoaren baldintzak".
Assangeri babesa kentzeko erabakiaren inguruko azalpenak eman ditu Morenok The Guardian egunkariari eskainitako elkarrizketa batean.
WikiLeakseko sortzailea ostegunean atxilotu zuten, Ekuadorrek 2012an emandako asiloa ukatu ostean. Polizia britainiarrak indarrez atxilotu zuen Assange, AEBk hura atxilotzeko egindako eskaeragatik eta Erresuma Batuak ezarritako behin-behineko askatasun baldintzak urratzeagatik.
2010ean, dozenaka mila dokumentu sailkatu argitaratu zuen Assangek sortutako WikiLeaksek, Irakeko eta Afganistango gerrei buruzko informazio garrantzitsuarekin, eta baita kablegrama diplomatiko asko ere.
"Enbaxada beste estatu batzuetako prozesuetan esku hartzeko erabili zuen Assangek"
2012an Rafael Correaren Gobernuak Assangeri emandako asilo politikoa kentzeagatik kritikak jaso ditu Morenok. Ekuadorko presidenteak erabakia defendatu du: "Ez da arbitrarioa izan, nazioarteko araudian oinarrituta dago eta".
Halaber, The Guardian egunkariak gogorarazi duenez, WikiLeaksekin nolabaiteko lotura zuen webgune anonimo batek Morenoren anaiak 'offshore' enpresa bat sortu zuela jakinarazi zuen, eta Morenoren eta horren familiaren argazki pribatuak argitaratu zituen.
Morenok, ordea, ukatu egin du mendekuz aritu izana. Horren arabera, "gure eremutik, eta aurreko gobernuko agintarien baimenarekin, Ekuadorko enbaxada beste estatu batzuen prozesuetan esku hartzeko erabili da".
"Ezin dugu onartu gure etxea den hori, ateak parez pare zabaldu zizkion hori, espioitza gune bat bihurtzea", erantsi du.
Moreno, Ekuadorko kaleetan, Assangeren atxiloketaren ostean. Argazkia: EFE
Enbaxadako langileei emandako tratua, salagarri
Gehiago ere esan du Morenok, eta Assangek enbaxadako langileei emandako tratua kritikatu du. "Tratu txarrak eman zizkien, eta Ekuadorren kontrako kanpaina erasokorra abiatu zuen, laguntzen ari zitzaizkionak mehatxatzeraino", deitoratu du.
Horrez gain, Assangeren "jarrera higieniko desegokia" ere izan du hizpide Ekuadorko presidenteak. Morenoren arabera, "azkenean, etengabeko protokolo urraketen eta mehatxuen ondorioz, asilo politikoa eutsiezina bilakatu zen".
Erresuma Batuak "idatziz" bermatu dio Ekuadorri Assangeren oinarrizko eskubideak errespetatuko dituztela eta ez dutela heriotza-zigorra aplikatzen duen ezein herrialdera estraditatuko.