Mundua -
Wikileaks
Assangeri 'epaiketa justu' baterako eskubidea bermatzea eskatu dute Nazio Batuek
"Espero dugu Assangeren atxiloketarekin zerikusia duten agintariek ziurtatzea auzi horretarako prozesu egokia hautatu dutela, baita estraditatzeko orduan ere", esan du Shamdasani bozeramaileak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen goi-komisarioa hurbiletik ari da jarraitzen Julian Assange Wikileakseko sortzailearen egoera. Horren harira, Ravina Shamdasani erakunde horretako bozeramaileak esan du espero duela atxiloketarekin zerikusia duten agintariek auzi horretarako prozesu egokia ziurtatzea, "baita estraditatzeko orduan ere".
Michelle Bachelet goi-komisarioak, baina, ez du Assangeren atxiloketari buruzko adierazpenik egin, Nazio Batuetako zenbait ordezkarik ez bezala.
Joe Cannataci pribatutasunaren eskubiderako arduradunak, bestalde, argi utzi zuen osteguneko atxiloketak ez dizkiola askatasunen ustezko urraketa aztertzeko planak aldatuko.
Agnes Callamard NBEko judizioz kanpoko gaietako ordezkari bereziak ostegunean ziurtatu zuenez, Ekuadorrek Assange atxilotzeko hartutako erabakiak arriskuak ekar ditzake, Wikileakseko sortzaileak giza eskubide urraketak jasan ditzakeelako.
Londresen Ekuadorrek duen enbaxadan egon da Assange 2012az geroztik, Suediara estraditatu ez zezaten. Izan ere, aipatu herrialdeak Assangeren estradizioa eskatu zuen, ustezko sexu delituengatik.