Mundua -

Afrika

Sudango Armadak Al Bashir kargutik kendu eta bi urterako boterea hartu du

Azken egunetan milaka manifestarik Khartumgo gune militar nagusiaren inguruan kanpaldia egin dute.

Elkarretaratzea Khartumgo (Sudan) gune militar nagusiaren aurrean. Argazkia: EFE
Elkarretaratzea Khartumgo (Sudan) gune militar nagusiaren aurrean.
Milaka sudandar kalera irten dira, Omar al Bashir kargutik kendu dutela ospatzeko

0:57

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kamal Abdel Maaruf jeneralak gaur iragarri duenez, Armadak Omar al Bashir presidentea kargutik kendu eta datozen bi urteetarako boterea hartu du.

Azken egunetan milaka manifestarik Khartumgo gune militar nagusiaren inguruan kanpaldia egin dute, Al Bashir presidenteari aurre egiteko laguntza eskatuz.

“Erregimena kendu eta Al Bashir toki seguruan jarri dugu”, adierazi du Abdel Maarufek. Defentsa ministroak agerraldia egin du Sudango telebista publikoan.

Gainera, Maaruf jeneralak neurri sorta iragarri du, besteak beste, 2005eko Konstituzioa bertan behera utzi eta Presidentetza, Parlamentua, Ministroen Kontseilua eta eskualdeetako gobernuak desegin ditu.

Era berean, preso politiko guztiak “berehala” askatzeko agindua eman du jeneralak, aldi berean larrialdi-egoera ezarri du hiru hilabetez, eta etxeratzeko agindua hilabeterako. Etxeratzeko deia 22:00etatik 04:00etara egongo da indarrean.

Aireko espazioa itxita emango ditu datozen 24 orduak, baita mugak ere, Abdel Maarufek erantsi duenez.

Sudan osoan su-etena ezarri du Armadak; izan ere, Kurdufan (hegoaldea) eta Darfur (mendebaldea) eskualdeetan gatazkak daude.

Abdel Maarufen hitzetan, trantsiziorako biurtekoan Batzorde Militar batek zuzenduko du herrialdea.

Al Bashirren aurkako protestak abenduaren 19an hasi ziren inflazio handia eta oinarrizko produktuen eskasiagatik, baina azkar batean Al Bashirren dimisioa ere eskatu zuten. 1989az geroztik boterean egon da.

Asteak joan eta etorri manifestazioek indarra galdu zuten, batez ere otsailaren 22an larrialdi-egoera ezarri ondoren. Ekintzaileak atxilotu eta epaitu zituzten. Hala ere, 1985eko apirilaren 6ko iraultzaren urteurrenarekin protestak berriro areagotu ziren.

Segidako krisiak

Al Bashir paraxutista ohia 1989an heldu zen boterera, estatu kolpe baten ostean; jarraian izandako barne krisiei aurre egiteko moduagatik kritikatua izan da, baita Mendebaldeko herriekin izandako liskarrengatik ere.

1993tik, Sudan isolatuta izan da hainbat urtetan; AEBk, esaterako, terrorismoaren herri laguntzaileen zerrendan sartu zuen Sudan, terrorista islamiarrei babesa ematea egotzita. Bestalde, Zigor-arloko Nazioarteko Auzitegiak Al Bashir inputatu du genozidioa leporatuta, Darfurren, 2003an, matxinatu-taldeen aurka aurrera eramandako kanpainagatik.

Azken krisia asteburuan heldu zen maila gorenera, milaka manifestari Defentsa Ministerioaren aurrean, Khartum erdialdean, eta Al Bashir bizi den tokian bildu zirenean. Asteartean liskarrak izan ziren manifestarien eta segurtasun agenteen artean, protesta sakabanatzen saiatu baitziren. Liskar horietan 11 lagun hil ziren, sei militar tartean, Gobernuak jakinarazi zuenez.

Abenduaren 19tik Sudango herritarrak presidentearen aurka protestan ibili dira, ogiaren salneurria igo baitu eta krisi ekonomikoaren ondorioz erregaien eta eskudiruaren urritasuna dutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak