Mundua -

GOI-BILERA

Europar Batasunak sei hilabetez atzeratu du 'brexit'a, urriaren 31ra arte

Trukean, Erresuma Batuak maiatzeko Europako hauteskundeetan parte hartu beharko du eta Europar Batasuneko estatu kide den bitartean lankidetzan leial aritu beharko du.

Theresa Mayren prentsaurrekoa, 'brexit'ari buruzko goi-bileraren ostean. Argazkia: EFE
Theresa May lehen ministro britainiarraren prentsaurrekoa, 'brexit'ari buruzko goi-bileraren ostean
Europar Batasunak urriaren 31ra arte atzeratu du 'brexit'a

1:38

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunak sei hilabeteko beste luzapen bat eman dio Erresuma Batuari, brexita gauzatzeko. Ondorioz, urriaren 31n irtengo da Europar Batasunetik. Donald Tusk Europako Kontseiluko presidentearen esanetan, luzapena nahikoa da, eta, ildo horretan, denbora ez alferrik galtzeko eskatu dio Erresuma Batuari. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak, bere aldetik, atzerapena onartu du, baina Komunen Ganberan akordioa lortzea eta irteera ahalik eta azkarren gauzatzea espero du.

Goizaldean amaitu da brexita luzatu ala ez erabakitzeko Europar Batasuneko 27 herrialdeetako agintariek Bruselan egin duten goi-bilera. Hainbat orduz eztabaidatzen aritu ostean, brexiterako egutegi berria adostu dute. Irteera gauzatu aurretik, ekaineko ohiko goi-bileran prozesuaren ebaluazioa egingo dute.

Egutegia betez gero, Europako Batzorde berriak kargua hartu bezperan utziko dio Erresuma Batuak Europar Batasuneko kide izateari. Izan ere, azaroaren 1ean Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko egungo presidenteak lekukoa emango dio bere ondorengoari.

Brexita sei hilabetez atzeratzearen truke, Erresuma Batuak lankidetzan leial aritu beharko du, Bruselaren jarduna oztopatu gabe, Europar Batasuneko estatu kide den bitartean. Halaber, maiatzeko Europako Parlamentuko hauteskundeetan parte hartu beharko du. Dena dela, Erresuma Batuak Europako hauteskundeetan parte hartzea saihestu nahi du, Komunen Ganberak brexiterako akordioa lehenbailehen onartuta.

Esan bezala, Europar Batasunak ezarritako egutegia "malgua" izango da. Hortaz, edozein unetan Erresuma Batuko Komunen Ganberak irteerako akordioa berresten badu, hurrengo hilabetean bertan gauzatuko da brexita.

"Luzapena nik espero bezain malgua eta espero baino motzagoa da. Hala ere, irtenbide posible onena bilatzeko denbora nahikoa da. Mesedez, ez ezazue denbora alferrik galdu", eskatu dio Donald Tuskek Erresuma Batuari.

Atzerapenak Erresuma Batuan eragingo duen "etsipena" deitoratu du Theresa May lehen ministroak.

"Parlamentuaren babesa izanez gero, Europar Batasunetik kanpo egon ahal izango genuke", esan du Mayk Bruselako goi-bileraren amaieran. Aitzitik, horren esanetan, bere helburua luzapena guztiz ez gauzatzea eta Parlamentuak "ahalik eta azkarren" irteera ordenatu bat babestea da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak EB Ezkozia argazkiak Erresuma Batua argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Brexita Zer da Brexita Theresa May Londres azken ordukoa Ingalaterra albisteak