Mundua -
Europako Parlamentua
Junckerrek Londresi apirilaren 12ra arte eman dio akordioa berresteko
Bestalde, Bercowk kalitatezko botoa erabili du gaur, brexitaren beste alternatibak berriz bozkatzea nahi zuen ekimen bat atzera botatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearen hitzetan, Komunen Ganberak akordioa apirilaren 12a baino lehen babesten baldin badu soilik, Europar Batasunak brexit-aren luzapen labur berri bat onartuko luke.
“Erresuma Batuak irteera akordioa onartzeko gehiengo bideragarri bat apirilaren 12rako lotzen baldin badu, EBk maiatzaren 22ra arteko luzapena onartu beharko luke”, adierazi du Junckerrek Europako Parlamentuan, Bruselan.
Erresuma Batuak apirilak 12a baino lehen erabaki bat hartzen ez baldin badu, “luzapenik ez da posible izango”, errepikatu du Junckerrek; izan ere, data horretatik haratago Europar Batasunaren barruan hauteskundeak egin barik jarraituz gero “Europako hauteskundeen eta EBren funtzionamendua arriskuan jarriko luke”.
Udaberriko goi-bileran jarrera berdina adostu zuten EBko buruzagiek. Erresuma Batuari maiatzaren 22ra arteko luzapena eman zioten orduan, hori bai trukean irteera akordia martxoaren 29a baino lehen berretsi behar zuen.
Komunen Ganberak ituna martxoaren 29an hirugarrenez atzera bota ondoren, EBtik ateratzeko epemuga berria apirilak 12a izatera pasa zen. Data horretatik aurrera Batasunetik modu kaotikoan aterako litzateke, Londresek epe luzerako plan baten bidez denbora gehiago geratzeko asmorik agertzen ez baldin badu behintzat, hauteskundeak edo bigarren erreferendum bat deituz.
Bruselari luzapen berri bat eskatu behar ziola iragarri zuen Theresa May lehen ministroak asteartean, oposizioko buruzagiarekin plan bateratu bat negoziatzeko asmoa baitu, Komunen Ganberaren babesa bermatzeko.
Bestalde, John Bercow Komunen Ganberako presidenteak kalitatezko botoa erabili du gaur, brexit-aren beste alternatibak berriz bozkatzea nahi zuen ekimen bat atzera botatzeko.
Azkenik, lehen ministroarekin gaur izan duen bilera “baliagarria” izan dela adierazi du Jeremy Corbyn oposizioko buruzagi laboristak, baina “ez biribila”.