Mundua -

'Brexit'

Erresuma Batuaren irteera adosteko luzapen berri bat eskatuko du Mayk

Erresuma Batuko lehen ministroak Jeremy Corbyn oposizioaren buruarekin bildu nahi du, babes nahikoa lortuko lukeen akordio bat hitzartzeko.

Theresa May. Agentzietako bideo batetik ateratako irudia.
Theresa May.
Theresa May. Agentzietako bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak Erresuma Batua EBtik irteteko luzapen berri bat eskatuko duela iragarri du. Luzapen hori "ahal bezain laburra" izatea nahi du. Helburua oposizioarekin Europar Batasunetik irteteko bide bat adostea da, gehiengoaren babesa lortzeko.

Downing Streeteko etxebizitzan hitz egin du Mayk hedabideen aurrean, bere Gobernuko ministroekin zazpi orduz bildu ostean, Erresuma Batuko irteera prozesuari blokeoa kentzeko helburuarekin.

"50. Artikuluaren luzapena behar dugu, ahalik eta laburrena eta akordio bat onartzen dugunean bukatuko dena. Argi eta garbi zehaztu behar dugu luzapena zertarako den, denboran eta modu ordenatuan joaten garela ziurtatzeko", esan du Mayk.

Elkarrizketa Corbynekin

Gainera, lehen ministroak Jeremy Corbyn oposizioaren lider laboristarekin biltzea proposatu du, "biek babestuko dugun plan bat hitzartzeko, Europar Batasuna uzten dugula eta akordio batekin egiten dugula ziurtatzeko".

Alderdi Laboristako liderra "oso pozik" agertu da Mayrekin biltzeko aukerarekin. "Onartzen dugu Mayk aurrerapauso bat eman duela", esan du.

Orain arte, laboristen liderra EBko beste estatuekin aduana-batasun bat ezartzearen aldekoa izan da, Ipar Irlandako mugaren kontrolak leuntzeko eta Erresuma Batuak beste estatuekin tarifarik gabe salerosten duela ziurtatzeko.

Hala ere, Gobernuaren kontrako zentsura mozioa aurkezteko aukera mantentzen du Corbynek, urtarrilean egin zuen bezala, "Parlamentuan gehiengoa lortzeko gai ez dela erakusten badu".

Mayrekin izango duen elkarrizketari begira, laboristak britainiarren "lanpostuak eta bizitza estandarrak babestea" izango du helburu, baita Erresuma Batua "Europatik kanpoko paradisu fiskal moduko bat bilakatzen ez dela" ziurtatzea.

Corbynekin adosteko proiektuak ez badu emaitzarik ematen, Gobernuak beste aukeren artean bozkatzea proposatuko die diputatuei. Oraindik ez ditu zehaztu. "Gobernua Parlamentuaren erabakia obeditzeko prest dago", azpimarratu du.

"Britainiarrek bozkatu zutena betetzea lortzen duen konpromiso bat aurkitu ahal eta behar dugu. Uharte hauen historiaren momentu erabakigarrian gaude, eta beharrezkoa da batasun nazionala egotea", gehitu du.

Erresuma Batuak modu ez negoziatuan utziko du EB hamar egun barru, akordio bat ez badu onartzen edo Bruselak beste luzapen bat ematen ez badio. Gainera, Parlamentuaren baiezkoa maiatzaren 22a baino lehen gertatu behar da. Bestela, Erresuma Batua Europako hurrengo hauteskundeetan parte hartzera behartuta egongo litzateke.

Erresuma Batuarekin "pazientzia" eskatu du Tuskek

Europar Kontseiluko presidente Donald Tuskek "eraman handikoak izatea" eskatu du, Mayren iragarpenaren ondoren. "Gaur bukaerako emaitza zein izango den ez badakigu ere, izan gaitezen eraman handikoak", idatzi du Twitterren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Brexita Theresa May Ingalaterra