Mundua -
Erresuma Batua
'Brexit'aren akordioa bozkatuko dute gaur Komunen Ganberan, hirugarrenez
Mozioak Europar Batasunetik ateratzeko baldintzak biltzen ditu, ez ordea etorkizuneko harremanari buruzko adierazpen politikoa. Oraingoz, baina, Theresa Mayk ez du babes nahikorik.
Agentziak | Erredakzioa
Erresuma Batua Europar Batasunetik (EB) ateratzeko akordioa bozkatuko dute berriro gaur Komunen Ganberan, John Bercow Parlamentuko presidenteak hala onartuta.
Gobernuak mozio berria aurkeztu du. Testuak Europar Batasunetik ateratzeko baldintzak biltzen ditu, ez ordea etorkizuneko harremanari buruzko adierazpen politikoa. Hortaz, Bercowk hirugarren bozketa baimendu du, aurreko bietako edukiekin alderatuta gaurkoa ezberdina izango dela iritzita.
Theresa Mayk lehen ministro britainiarrak Bruselarekin adostutako ituna –aipatu adierazpen politikoa barne- urtarrilean eta martxoan bozkatu zuten Komunen Ganberan, eta bi saioetan atzera bota zuten.
Parlamentu britainiarrak ituna babestuz gero, Erresuma Batuak maiatzaren 22a arteko epea izango du brexita gauzatzeko.
Tarte horretan, Parlamentuak Bruselarekin adostutako adierazpen politikoa bozkatu eta berretsi beharko du. Dokumentu hori ez da juridikoki loteslea, baina Erresuma Batuak eta Europar Batasunak etorkizunean izango duten harremanaren oinarriak ezartzen ditu, brexita gauzatu ondoren bi aldeen artean landu beharrekoak.
Alabaina, hirugarrengo saiakeran ere diputatuak ados jartzen ez badira, apirilaren 12an atera beharko du Europar Batasunetik, inolako akordiorik gabe.
Dimisioa, ituna babestearen truke
Oraingoz, Theresa Mayk ez du babes nahikorik ziurtatuta. Asteazkenean, akordioa babestearen truke, dimisioa ematea eskaini zien bere diputatuei, itunaren bigarren fasea alderdiko beste buruzagi eta lehen ministro batek negoziatu dezan.
Alderdi Kontserbadoreko alde gogorreko zenbait diputatu, besteak beste, beso luzeko Jacob Rees-Mogg, testuari babesa emateko prest agertu dira orain, Ipar Irlandako Alderdi Demokratiko Unionistak aldeko botoa ematen badu edo abstenitzen bada.