Mundua -
Iragarpena
NASAk 2024an bidaliko ditu astronautak Ilargira
Mike Pence AEBko presidenteordeak egin du iragarpena: bost urte barru satelitearen hego polora helduko da berriro gizakia.
Agentziak | Erredakzioa
2024an, bost urte barru, Ilargira itzuliko da gizakia. Hala iragarri du NASA AEBko espazio agentziak. Zehaztu duenez, tripulatutako ontzia satelitearen hego poloan ilargiratuko da.
National Space Council erakundeak bilera egin zuen asteartean, Mike Pence AEBko presidenteordea buru zuela. Hark egin zuen iragarpena.
Bost urte hauetan, helburu horrekin hainbat pauso emango dituzte. 2020an Esplorazio Misioa gauzatuko dute, Orion kapsula Espazio Jaurtiketa Sistema suziriaren bidez jaurtiz. 2022rako, lehen misio tripulatua bidaliko dute Ilargiaren ingurura.
Jim Brindenstine NASAren administratzaileak ohar batean azaldu duenez, agentziak "eskura dituen bitarteko guztiak erabiliko ditu Ilargira itzultzeko, eta gerora Martera heltzeko".
"Neurriak hartuko ditugu datozen egun eta asteetan. NASAren esplorazio kanpainan hiru mugarri ezarri ditugu: Lurraren beheko orbita, Ilargia, Marte eta espazioko beste mundua", nabarmendu du Bridenstinek eta iragarri du sail berria sortu dutela agentziaren baitan: Moon to Mars Mission Directorate (Ilargitik Martera Misioaren Zuzendaritza).