Mundua -
Auzitegi Nazionala
Hamar pertsonak egin zuten Ipar Koreak Madrilen duen enbaxadaren aurkako erasoa
Otsailaren 22an sartu ziren eraikinean eta Auzitegi Nazionalak gaur egin du publiko ikerketa. Erasoaren arduraduna FBIrekin jarri zen harremanetan, lapurtutako materialaren berri emateko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2019ko otsailaren 12an, erasoa izan zen Ipar Koreak Madrilen duen enbaxadan, eta kasua sekretupean izan da. Gaur, baina, Auzitegi Nazionalak publiko egin ditu gertakari horren harira egindako ikerketaren ondorioak.
Jose de la Mata epailearen arabera, hamar pertsonaz osatutako erakunde kriminal batek gauzatu zuen erasoa, eta talde horren arduradun nagusiak hiru dira: Adrian Hong Chang –Ameriketako Estatu Batuetan bizi den mexikarra-, Sam Ryu estatubatuarra eta Woo Ran Lee hego-korearra.
Epaileak hainbat delitu egotzi dizkie: egoitzan indarrez sartzea, bahiketa, agiriak faltsutzea, mehatxuak eta irainak egitea, lapurreta eta lesioak eragitea.
Ikerketaren arabera, erasoaren ondotik, Adrian Hong Changek Lisboara ihes egin zuen eta otsailaren 23an New Jerseyrako hegazkin bat hartu zuen. Lau egun geroago, New Yorkera joan zen eta han FBIrekin jarri zen harremanetan.
Erasoa nola gauzatu zuten eta ondoren, lau taldetan banatuta, Portugalera ihes egin zutela kontatu zion FBIri.
Nolanahi ere, oraingoz ez dute atxiloketarik egin.