Mundua -
ISRAEL-GAZA
Israelek Gaza bonbardatu du, Tel Avivera jaurtitako suziriari erantzunez
Ismail Haniye Hamasen buruzagi politikoaren bulegoa txikitu dute bonbardaketek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gazako Zerrendan Erresistentzia Mugimendu Islamikoaren (Hamas) aurka hainbat bonbardaketa egin dituela baieztatu du gaur Israelgo Armadak, Tel Aviveko etxebizitza baten kontra bart jaurti duten suziriari erantzunez. Zazpi israeldar zauritu dira leherketa horretan.
Hamasek ez du bere gain hartu suziriaren jaurtiketa, baina Israelek berehala talde palestinarrak jo ditu erantzule, eta Gazako Zerrendako mugara soldatu gehiago bidali ditu.
Bestalde, Erezeko eta Kerem Shalomeko mugako pasabideak ixteko agindua eman du Israelgo Gobernuak.
Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarra Estatu Batuetan da bidaia ofizialean, eta Israelera itzulera aurreratu egingo duela iragarri du gaur. Tel Aviven izandako "erasoari indartsu" erantzungo diotela esan du Netanyahuk.
Duela astebete inguru ere, Israelek bonbardaketak egin zituen Gazan, Tel Avivera jaurtitako beste suziri batzuk zirela eta.
Haniyeren bulegoa suntsitu dute
Ismail Haniye Hamasen buruzagi politikoaren bulegoa txikitu dute bonbardaketek. Israelgo dronak eta ehiza-hegazkinek gutxienez bost aldiz tiro egin dute egoitzaren aurka, Gaza hirian. Erasoan ez da inor zauritu, lekukoek eta Al Quds Palestinako irratiak jakitera eman dutenez.
Gainera, hiru solairuko eraikin bat bonbardatu dute hegazkinek. Erasoak erabat suntsitu du eraikina. Israelgo Armadaren arabera, Hamasen inteligentzia zentro bat zen.
Bestalde, ehiza-hegazkinek bost solairuko beste eraikin bat birrindu dute Rimal auzoan, Gazako iparraldean. Ustez Hamasen talde militarrak erabiltzen zuen.
Segurtasun iturriek azaldu dutenez, Israelek gutxienez hamar aire eraso egin ditu Hamasen eta Ezedín al Qasam briganden instalazio, postu eta eraikinen aurka.