Mundua -
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
Trumpek ez zuen Errusiarekin konspiratu, Mueller fiskalaren txostenaren arabera
Bi urteko ikerketaren ondoren, Muellerrek ez du frogarik aurkitu Trumpek 2016ko presidenterako hauteskundeetan Errusiako Gobernuarekin konspiratu zuela esateko.
AGENTZIAK
Ameriketako Estatu Batuetan (AEB), Robert Mueller fiskal bereziak bere txostenean ondorioztatu duenez, Donald Trump presidenteak ez zuen Errusiako Gobernuarekin konspiratu 2016an, presidenterako hauteskundeetako kanpainan, Bill Barr AEBko fiskal nagusiaren esanetan.
"Txostenak dioenaren arabera, ikerketak ez du frogatu Trumpen kanpainako kideek Errusiako Gobernuarekin konspiratu zutenik hauteskunde kanpainan", azaldu du Barrek Muellerren txostena aztertu ondoren Kongresuari bidalitako gutunean.
Barren gutunak Muellerren txostenaren ondorio nagusiak laburbiltzen ditu. 22 hilabete iraun du ikerketak.
Bill Barren esanetan, ez dago frogarik Trumpek ikerketa oztopatu zuela esateko. Dena dela, gai korapilatsua dela onartu du, interpretaziorako tartea dagoelako: "Txosten honek ez du ondorioztatzen presidenteak delitu bat egin zuela, baina errugabetu ere ez du egin".
Txostenaren laburpenaren berri izan ostean, Donald Trumpek ere hitz egin du. Horren esanetan, argi geratu da errugabea dela.
Trump oso haserre mintzatu da, eta Muellerren ikerketa kritikatu du, "huts egin" duela eta "legez kanpoko umiliazioa" izan dela iritzita. Prozesu honetan pertsona asko kaltetu direla azpimarratu du. "Pena da gure herrialdeak hau pairatu behar izana. Benetan, lotsagarria da gure presidenteak egoera hau jasan behar izana", gaineratu du.
AEBko presidentearen abokatuek argitaratutako ohar batean, Muellerren ikerketak Trumpi arrazoia eman diola adierazi dute.
Bitartean, Alderdi Demokratak Kongresuan dituen bi ahots nagusiek (Nancy Pelosi eta Charles Schumer) azpimarratu dutenez, Muellerren txostenak ez du baztertzen Trumpek justiziaren ikerketa oztopatu izana, eta Muellerren txosten "osoa" ikusi nahi dutela nabarmendu dute.