Mundua -

Siria

EIren azken gotorlekua desegin dutela iragarri dute Siriako Indar Demokratikoek

Kurduen eta arabiarren arteko aliantza armatuak iragarri duenez, Al Baghuz konkistatuta, talde jihadistaren "kalifa-herria" erabat ezabatu dute.

Al Baghuzeko zibilak, kamioi batean, Sirian / Argazkia: EFE.
Al Baghuzeko zibilak, kamioi batean, Sirian.
Kalifa herriaren azken gotorlekuan garaipena aldarrikatu dute

1:25

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Siriako Indar Demokratikoek, kurduek eta arabiarrek zuzendutako aliantza armatuak, Estatu Islamikoa (EI) talde jihadistak aldarrikatutako "kalifa-herriaren" porrota iragarri du.

Mustafa Bali bozeramaileak egin du 2014ko ekainaren 29an Mosulen "aldarrikatu zuten kalifa-herriaren erabateko ezabapenaren" iragarpena, Twitterren.

"Aldarrikatutako kalifa-herriaren erabateko ezabapena eta Estatu Islamikoaren lurraldeko % 100eko porrota adierazten dituzte Siriako Indar Demokratikoek. Egun berezi honetan, garaipen hau posible egin zuten milaka martiriren ahaleginak ospatu nahi ditugu", esan du bozeramaileak.

Aliantza honen alde egin duen Estatu Batuek Eiren aurkako garaipena iragarri ostean etorri da Siriako Indar Demokratikoen iragarpena. Al Baghuz izan da euren eskuetan izan den azken herria, Irakeko mugatik kilometro gutxira.

Ostiral gauean, nazioarteko koalizioaren abioek jihadisten azken posizioak bonbardatu zituzten, Al Bahuz mendiko magalean, Eufrates ibaiaren ertzean.

Borrokalari arabiarrek eta kurduek ostatutako aliantza zuzentzen du kurduen Herri Babeserako Unitateak (YPG), Estatu Batuen indar militarren laguntzarekin. Siriako ipar-ekialdetik bota dute EI, baita "kalifa-herriaren" hiriburua zen Al Raqatik ere —2017ako urrian konkistatu zuten, lau hilabeteko borroken ostean—.

Indar Demokratikoen kanpaina militarra 2018ko irailean hasi zen berriro, eta pixkanaka burutu behar izan dute, batez ere azken hilabetean, Al Baghuzen milaka zibil zeudelako. Azken borrokaren ostean hustu zuten.

Al Baghuz konkistatu arren, oraindik Irakeko eskualde batzuetan eta Siriako basamortuan dago EI, Donald Trump AEBko presidenteak zabaldutako mapa baten arabera. Gobernua ezegonkortzeko matxinada iragarri du EIk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gerra Siria Estatu Islamikoa Jihadismoa Eguneko albisteak Albisteak Siria gaur Ekialde Hurbila