Mundua -
Herbehereak
Atxilotuak Utrechteko erasoaren egilea izatea aitortu du
“Bera bakarrik” eraso egin zuela errepikatu du, inor ez ziola lagundu. Oraindik ez diote kargurik leporatu, eta hiru delituren susmagarri izaten jarraitzen du.
Agentziak | Erredakzioa
Utrechteko tiroketaren susmagarri nagusiak erasoaren “arduraduna” izatea aitortu du gaur. Erasoan hiru pertsona hil zituzten, iragan astelehenean. “Bera bakarrik” eraso egin zuela errepikatu du, inor ez ziola lagundu.
Herbeheretako Fiskaltzak agiri batean azaldu duenez, 37 urteko Gokmen Tanisek gertakariak onartu ditu ostiral honetan, hiriko instrukzio-epailearen aurrean. Tiroketa Urriaren24ko plazan, Utrechteko mendebaldean, tranbia bate barruan gertatu eta zazpi ordu geroago atxilotu zuten.
Egindako “delitu penal guztien” azalpenak eman ditu Tanisek, Fiskaltzaren arabera. Hala ere, erasoa egitera eraman zuten arrazoien xehetasunik ez du eman Fiskaltzak; horrela ez du “helburu terrorista bat” zuenik baieztatu, ikerketa martxan dagoelako.
Oraindik ez diote kargurik leporatu, eta hiru delituren susmagarri izaten jarraitzen du, besteak beste, hilketak, homizidioa eta mehatxu terroristak.
Tiroketaren sumagarriak aurrekari penalen zerrenda luzea du: lapurretak, bortxaketa, poliziei irainak… Bortxaketagatik epaiketaren zain dago.
Bestalde, 40 urteko beste gizon bat atxilotu zuten asteartean, tiroketarekin lotuta, baina aske utzi dute, Tanisi erasoa baino lehen edo zehar lagundu ziola egiaztatzeko frogarik ez dutelako aurkitu. Antza denez, tiroketaren susmagarria haren etxean ezkutatu zen ihes egin ondoren, Fiskaltzak azaldu duenez.