Mundua -
HONDAMENDI NATURALA
Idai zikloia: 500 pertsona hil eta 200.000 desagertu dira Afrika hego-ekialdean
Bestalde, kaltetutako pertsonen kopurua 2,8 milioi ingurukoa da Mozambiken, Zimbabwen eta Malawin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Heriotza, txikizioa eta anabasa. Horiexek Idai zikloiaren ondorioak Mozambiken, Zimbabwen eta Malawin (Afrika hego-ekialdea). Behin-behineko balantze ofizialaren arabera, ia 500 pertsona hil dira. Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak esan duenez, bestalde, 200.200 pertsona daude desagertuta.
Dena dela, kopuruok gora egingo dute, nabarmen. "Argindar eta Internet barik dauden eskualdeetan egoera bere onera etortzen denean jakingo dugu hondamendiaren tamaina", ohartarazi du Gurutze Gorriak.
Mozambiken, 92 gorpu erreskatatu dituzte azken orduetan, horietatik 47 Sofala probintzian eta 45 Manica probintzian, bertako agintariek jakinarazi dutenez. Herrialde honetan bakarrik, 294 dira hildakoak, behin-behineko datu ofizialen arabera.
Bien bitartean, lurraldearen zati handienak urpean jarraitzen du; beraz, hildakoen kopuruak gora egitea espero da.
Agintariek aurreikusitakoaren arabera, Sofala probintzian bakarrik, 60.000 hiritar daude erreskatatzeko zain.
Zimbabwen, ofizialki 139 hildako zenbatu dituzte. Hala ere, urak hartutako toki guztietara heltzen direnean, kopuruak gora egingo duen beldur dira agintariak.
Malawin, 56 pertsona hil ziren Idai zikloiaren aurreko ekaitz tropikalaren ondorioz.
Guztira, 2,8 milioi herritar kaltetu dira Mozambiken, Zimbabwen eta Malawin, kontinente horrek, adituen esanetan, inoiz pairatu duen hondamendi natural handienetako bat izan den horretan.
Bien bitartean, erreskate taldeek lanean dihardute, eta dozenaka mila pertsona babeslekuetan daude, laguntza noiz iritsiko zain.
Nazio Batuen Erakundeko Munduko Elikagai Programak egindako kalkuluen arabera, kaltetuen kopuruak ez du aurrekaririk Afrikan. 2,8 milioi kaltetuetako 200.000 batek premiazko laguntza behar dute datozen hiru hilabeteetan Zimbabwen, eta 920.000 dira Malawin.
Mozambiken, berriz, 600.000 pertsona daude egoera horretan, baina kopurua 1,7 milioira igotzea espero dutela esan dute Munduko Elikagai Programaren arduradunek. Gainera, 400.000 desplazatu daude, Mozambikeko Gobernuaren arabera.
Botikak eta ur hornidura bermatzea dira orain lehentasunak; izan ere, Mozambikeko hainbat tokitan ur hornidura etenda dago.